Link interesgarriak
Atzealdea Mankomunitateak plastikoak biltzeko zerbitzua zabaldu du Ermuko eta Mutrikuko garbiguneetara
2021·10·15
Mankomunitateak plastikoak biltzeko zerbitzua zabaldu du Ermuko eta Mutrikuko garbiguneetara
-
Irailean jarri zen martxan zerbitzua Eibarko eta Elgoibarko garbiguneetan eta, izan duen eraginkortasuna ikusita, Mankomunitateak eskualdeko gainerako garbiguneetara zabaltzea erabaki du.
-
Egiaztatu da zerbitzu berri honekin lehen birziklatzen ez ziren 1.000kg plastiko birziklatzeko aukera ematen dela.
-
Mankomunitateak eraikuntza eta eraispen hondakinak tipologiaren arabera bereizita biltzeko zerbitzua ere ezarri du garbiguneetan.
Bihartik aurrera hainbat plastiko mota utzi ahal izango dira Ermua eta Mutrikuko garbiguneetan, bi lekuetan egokitzapen txiki batzuk egin ondoren. Fruta-denden, arrandegien eta abarren plastikozko kaxak, mota guztietako hodiak (urarenak, eraikuntzakoak...), bidoiak, edukiontziak, txanbilak, loreontziak, leihoak, pertsianak (burdinik gabe), autoen kolpe-leungailuak (kamioienak ez), mahaiak, aulkiak, plastikozko palletak, zorrotenak...
Aldiz, ezingo dira hondakin hauek utzi: zuntzak, olanak, sareak, uralitak, burdinak dituzten plastikoak, gomazko tutu malguak, burdina duten leihoak, etab.
Ingurumena zaintzea eta gastuak murriztea
Orain arte, hemendik aurrera garbiguneetan utzi daitezkeen plastikozko hondakinak errefus gisa biltzen ziren eta Zubietako ingurumen-balorizazioko instalazioan tratatzen ziren, tona bakoitzeko 180 euroko kostuarekin. Garbiguneetako bilketa-zerbitzu berriarekin, ordea, Aizarnazabalgo enpresa batera eramango dira hondakin horiek, eta bertan birziklatu eta lehengai gisa erabiliko dira plastikozko produktu berriak egiteko. Hondakinak Aizarnazabalgo lantegira garraiatzearen eta ondorengo tratamenduaren kostu osoa 70 euro ingurukoa da; beraz, plastiko horiek birziklatuz ingurumena zaintzen laguntzeaz gain, tona bakoitzeko 110 euro aurreztuko dira.
Zerbitzu berriari esker, lehen birziklatzen ez ziren 1.000 kg plastiko birziklatu daitezke
Zerbitzua irailaren erdialdean jarri zen martxan Eibar eta Elgoibarko garbiguneetan, eta egiaztatu da zerbitzu berri honekin, lehen birziklatzen ez ziren 1.000kg plastiko birziklatu daitezkeela garbiguneetatik Aizarnazabalgo enpresara egiten den hondakinen bidalketa bakoitzean.
Hondakinen bereizketa hau urrats bat gehiago da Mankomunitateak 2030. urterako helburu gisa proposatutako % 70eko gaikako bilketa lortzeko.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bereiztea
Garbiguneetan plastikoak biltzeko zerbitzu berriaz gain, Mankomunitateak eraikuntza eta eraispen hondakinak tipologiaren arabera garbiguneetan biltzeko zerbitzua ere ezarri du.
Eraikuntza eta eraispen hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruzko dekretuari erantzuteko, hemendik aurrera hondakin hauek bereizita jasoko dira garbiguneetan, alde batetik harrizko hondakinak eta bestetik harrizkoak ez direnak. Harrizkoak direnen artean adreiluak, hormigoia, baldosak, harriak eta zeramika daude. Bestalde, ez harrizkoen artean sabai faltsuak, igeltsuak eta beira utzi daitezke.