Albisteak

Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak elikagaien xahutzearen prebentziorako Ekintza Plana aurkeztu dute

• Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: “Proiektu pilotu honekin ekonomia zirkularrean eta eskualdeko jantokietan sortzen diren hondakinen murrizketan oinarritutako praktikak ezartzeko bidea irekitzeko oinarriak finkatu ditugu, eta jarraipena izango du, eremu honetan jantokia duten eskualdeko erakunde gehiagorekin lanean jarraituko dugulako”.

2023·02·24


Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak elikagaien xahutzearen prebentziorako Ekintza Plana aurkeztu dute

  • Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: “Proiektu pilotu honekin ekonomia zirkularrean eta eskualdeko jantokietan sortzen diren hondakinen murrizketan oinarritutako praktikak ezartzeko bidea irekitzeko oinarriak finkatu ditugu, eta jarraipena izango du, eremu honetan jantokia duten eskualdeko erakunde gehiagorekin lanean jarraituko dugulako”.
  • Diagnostikoaren faseko ondorioak aztertu ondoren, Ekintza Plan bat sortu dute bi erakundeek, 14 ekintza biltzen dituena, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko.

2022ko irailean, Debabarreneko Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak elikagaien xahutzea saihesteko proiektu bateratuaren diagnostiko-fasea hasi zuten, eta, 2023ko otsailean, prentsaren aurrean aurkeztu dute diagnostiko-fasetik eratorritako ondorioetatik abiatuta sortu den Ekintza Plana.

 

Mankomunitateko lehendakariak, Iosu Arraizek, azaldu duenez, “Mankomunitatean, hondakinen gaikako kudeaketaren ikuspegitik, argi daukagu hondakinik onena sortzen ez dena dela, eta, ondoren, gaika birziklatzen dena. Horregatik, 2022ko irailean lan-ildo berri bat ireki genuen elikagaiak alferrik galtzea saihesteko, eta proiektu pilotu hau jarri genuen abian Eibarko Hezkuntza Esparruarekin elkarlanean. Bertako hainbat kolektibok hartu dute parte eta prozesua oso aberasgarria izan da eskualdean elikagaiak alferrik galtzearen arazoa hobeto ulertzeko eta prebentziorako plan eraginkor bat sortzeko, ondoren Debabarreneko beste jantoki publiko eta pribatu batzuetan aplikatu ahal izango dena. Izan ere, proiektuak jarraipena izango du eta eremu horretan lanean jarraituko dugu jantokia duten beste erakunde batzuekin”. Arraizek gogorarazi du proiektu pilotu hau EAEko jantoki publikoetan elikagaiak xahutzearen prebentziorako egiten den lehenetarikoa dela. “Azken finean, proiektu honekin ekonomia zirkularrean eta eskualdeko jantokietan sortzen diren hondakinen murrizketan oinarritutako praktikak ezartzeko bidea irekitzeko oinarriak finkatu ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiot Eibarko Hezkuntza Esparruari proiektuan parte hartzeagatik eta inplikazioagatik”, adierazi du.

 

350,5 kg elikagai jangarri eta ez-jangarri, astebetean alferrik galduak

 

Uxue Zabaletak, Eibarko Hezkuntza Esparruko Agenda 2030 programaren koordinatzaileak, azaldu duenez, “diagnostikoa Hezkuntza Esparruko jantokian egin da, non 200 lagunek gosaldu, jan eta afaltzen duten egunero, gehienak egoitzan bertan egoiliarrak direnak. Neurketak sukaldean zein jantokian egin dira astebetez, eguneko hiru otorduetan. Lehen aste batez jokabideak aztertu ondoren, bigarren analisi bat egin da aztertzeko sortzen diren elikagai-soberakinen zein kopuru balia daitekeen elkarte sozialei emateko. Enraíza Derechos eta Oreka erakundeek egin dute diagnostikoa, biak baitira Euskadiko Diru Xahutzearen aurkako Plataformaren parte”.

 

Diagnostikoa egin den astean, guztira 350,5 kg elikagai jangarri eta ez-jangarri galdu dira alferrik - 10.000 kg izango lirateke ikasturte osoan –, horietatik % 49 sukaldean eta % 51 jantokian. Hala ere, alferrik galtzen diren elikagai jangarri gehienak jangelakoak dira, janari asko botatzen delako plateren hondar gisa. Sukaldean sortzen diren elikagai-hondakin gehienak, aldiz, ez dira jangarriak. Horrez gain, nabarmendu behar da sukaldean sortzen diren janari-soberakinen arrazoi nagusietako bat dela bazkalorduan eta afaltzeko zerbitzatutako zerbitzuen eta egindako aurreikuspenen arteko desfasea.

Gehien alferrik galtzen diren elikagaiak ogia – gosarietan batez ere – eta entsalada hondarrak edo sukaldatutako elikagaiak dira, batez ere bigarren platerak.

 

Ondorio horiek atera ondoren, analisiaren bigarren astean, soberan geratu diren 43 plater identifikatu dira. Horrek esan nahi du, ikasturte bakoitzean 9.000 plater inguru liratekeela soberan geratuko liratekenak (2.300kg elikagai). Eta plater hauek egoera onean daudenez, erakunde sozialei bideratu ahalko lirateke, behin bilaketa, erakunde hartzaileen homologazioa, garraio-zerbitzuaren diseinua eta trazabilitatearen jarraipena egin ondoren.

 

14 ekintza elikagaien xahutzea prebenitzeko

 

Eibarko Mankomunitateak eta Hezkuntza Esparruak Ekintza Plan bat sortu dute elikagaien xahuketa eta alferrik galtzea prebenitzeko. Planak 14 ekintza aurreikusten ditu guztira. Urtero lehenetsiko dira garatu beharreko ekintzak, eta 2022-2023 ikasturtean honako hauetan jarriko da arreta:

 

Alferrik galtzen den elikagai kopurua murrizteko, sentsibilizazio-ekintzak egingo dira eta kartelak jarriko dira Eibarko Hezkuntza Esparruko jantokian eta egoitzan. Sentsibilizazio-bideo bat ere sortuko da, Esparruaren barne-kanalen bidez emititzeko. Horrez gain, sukaldariei prestakuntza emango zaie elikagaiak alferrik galtzeari buruz, elikagaien segurtasunari buruz eta soberan geratzen diren produktuen kudeaketari buruz, ondoren soberako elikagai horiek erakunde sozialei eman ahal izateko. Aurreikusitako otorduen eta emandako zerbitzuaren aurreikuspena hobeto kudeatzeko, mail kontu bat sortuko da, ikasleek jantokian bazkaldu edo afalduko duten edo ez aurrez jakinarazi dezaten.

 

Bestalde, soberan geratzen diren elikagaiak kudeatzeko, Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak banaketa-zerbitzu bat jarriko dute martxan, eskualdeko hainbat gizarte-elkarteri eman dakizkiekeen elikagaiak bideratzeko.

 

Kontsultatu ekintza-plan osoa hemen.

----------------------------

Argazkian, ezkerretik eskubira:

 

1. Uxue Zabaleta, Eibarko Hezkuntza Esparruko Agenda 30en koordinatzailea 

2. Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria 

3. Agurtzane Alkade, Eibarko Hezkuntza Esparruko egoitzako zuzendaria 

AUDIOA 1

AUDIOA 2