Albisteak

Mankomunitateak eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketa kontratatzeko prozesua abiarazi du

• Eraikuntza eta eraispen hondakinen 1.102 tona bildu ziren 2022an eskualdeko lau garbiguneetan, mota honetako hondakin garbiak eta zikinak bereizita.

2023·01·27


Mankomunitateak eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketa kontratatzeko prozesua abiarazi du

 

  • Eraikuntza eta eraispen hondakinen 1.102 tona bildu ziren 2022an eskualdeko lau garbiguneetan, mota honetako hondakin garbiak eta zikinak bereizita.

 

Eraikuntza eta eraispen hondakinak Debabarreneko garbiguneetan gaika jasotzen diren hondakinen zati handi bat dira. 2022an 1.102 tona bildu ziren, mota honetako hondakin garbiak (962 tona) eta zikinak (140 tona) bereizita.

 

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko kontratazioa abiarazi du Mankomunitateak eta 60.000 euroko lizitazio-aurrekontua izango du, urtebeteko iraupenarekin. Lehiaketara aurkeztu nahi duten enpresek 10 egun balioduneko epea izango dute, iragarkia kontratatzailearen profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

 

Gaikako bilketa garbiguneetan: eraikuntzako hondakin garbiak eta zikinak

 

Debabarrenan, urtean zehar, gremio txiki eta partikular askok obra txikiak egiten dituzte beren etxebizitzetan edo lokaletan. Obra horietan sortutako hondakinak garbiguneetan utzi daitezke, baldin eta hondakin garbi eta zikinen artean bereizita eramaten badira. Eraikuntzako hondakin garbiak adreiluak, hormigoia, baldosa, harriak eta zeramika dira. Aldiz, hondakin zikinak dira igeltsuak, moldurak eta panelak.

 

Bereizketa hori egitea garrantzitsua da, hondakin mota horiek arautzen dituen dekretua betetzeaz gain, hondakin garbiak berrerabili egin daitezkeelako agregakinak egiteko eta beste obra batzuetan berrerabiltzeko. Eraikuntzako hondakin zikinak, aldiz, ezin dira berrerabili, eta hondakin geldoen zabortegietara bideratzen dira.

 

Doakoa da eraikuntzako hondakinak Mankomunitatearen instalazioetan uztea, hau da, garbiguneetan, obra-lizentzia aurkeztuz jarduera hori Debabarrenan egiten dela frogatzeko, eta ez beste eskualde batean.

 

Mankomunitateak gogorarazi nahi du hondakin mota horiek naturan (pisten ondoan, ibaiaren ondoan edo mendian) edo kaleko edo landa-eremuko edukiontzietan uztea arau-hauste larritzat jotzen dela, Mankomunitateko hondakinak arautzen dituen ordenantzaren arabera. Ordenantza horren helburua da ingurumena babestea eta hondakinak gaika biltzeko praktika arduratsuak sustatzea. Ondorioz, hondakin horiek garbiguneetatik kanpo uzteak 600 eta 1.750 euro arteko isuna ekar dezake.