Link interesgarriak
Atzealdea Mankomunitatea oso kezkatuta dago gaika jasotzen diren biohondakinen jaitsierarekin
2023·10·09
Mankomunitatea oso kezkatuta dago gaika jasotzen diren biohondakinen jaitsierarekin
- Aurten %7,5ean murriztu da gaika bildutako hondakin biodegradagarrien kopurua.
- Mankomunitateak neurri sendoak hartuko ditu egoera iraultzeko, eta ez du baztertzen zabor-tasak igo behar izatea eskualdea ez bada gai hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzeko.
Debabarreneko Mankomunitatea, eskualdeko udalerri guztien ordezkapenarekin, kezkatuta agertu da gaika bildutako biohondakinen kopuruak behera egin duelako; izan ere, azken urtean % 7,5 murriztu da bereizita bildutako hondakin biodegradagarrien kopurua, 2022an biztanleko 66 kg izatetik 2023an 61 kg izatera igaro baita. Gainera, biohondakinen kalitatea ere jaisten ari da, eta astero ehunka poltsa desegoki ateratzen dira edukiontzi marroietatik, behar ez bezala birziklatuta daudelako.
Iaz baino 735 tona gutxiago biltzen dira gaika
Biohondakinen birziklapenean beheranzko joera bat identifikatu ondoren, 2023ko urtarrilean Mankomunitateak hainbat baliabide bideratu zituen eskualde osoan biohondakinak birziklatzeko ohituren jarraipena egiteko.
Azken hiru hilabeteetako datuek, baina, alarma guztiak piztu dituzte Mankomunitatean. Bereizita bildutako hondakinen kopurua nabarmen jaisten ari da, oro har birzikla daitezkeen zatiki guztietan, baina bereziki biohondakinetan. 2023ko abuztuko TAM indizearen arabera (indize horretan islatzen dira azken 12 hilabeteetako datuak), gaur egun behar bezala sailkatutako 735 tona hondakin gutxiago biltzen dira duela urtebete baino. Beherakada horretatik 323 tona biohondakinak dira.
Gaizki birziklatutako tona bakoitzeko 46 eta 200 euro arteko galera ekonomikoa
Jaitsiera horren arrazoiak bat baino gehiago izan daitezke, eta Mankomunitatea prest dago, eskualdeko udalekin batera, egoera hori konpontzeko.
Birziklapen datu negatiboek, ingurumenean eragina izateaz gain, kalte ekonomiko handia dakarte. Errefusaren edukiontzian uzten dugun biohondakin tona bakoitzeko 46 euro galtzen dira, eta behar ez bezala utzitako hondakinak ontziak badira, galera hori 200 eurotik gorakoa izan daiteke tona bakoitzeko.
Ondorioa argia da: zabor tasak handitu egingo dira gure hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzeko gai ez bagara. 2022an hondakin bakoitza bere edukiontzietan utzi izan balitz, milioi bat euro baino gehiago aurreztuko lirateke eskualde mailan.
Egoera iraultzeko neurri sendoak
Egoera larria denez, Mankomunitateak hainbat neurri hartuko ditu egoera hori konpontzeko. Lehenik eta behin, biohondakinen edukiontziak ixteko kontratazio-prozesuari ekingo zaio. Horren bidez, edukiontzietan hondakin desegokiak agertzea saihestu nahi da. Bestalde, hondakinak bereizten ez dituzten erabiltzaileen tasa zergapetzeko sistemara itzultzea aztertzen ari dira. Era berean, Mankomunitateak hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko du laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko.
Bestalde, eskualdeko fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan biohondakinak eta ontziak biltzeko zerbitzu berri bat ezartzeko aukera aztertzen ari da Mankomunitatea. Gainera, Mendaro, Deba eta Mutrikuko industrialdeetan hondakin biodegradagarriak biltzeko zerbitzu berri bat jartzea aztertuko da.
Neurri guztiek helburu bakarra dute: eskualdean gaika bildutako biohondakinen kantitatea eta kalitatea handitzea. Mankomunitateak herritarrei parte hartzeko eta inplikatzeko eskatu die, gaiak eskualdeko biztanle guztiei eragiten baitie.