Link interesgarriak

Atzealdea Kultur programa Txirristaka bertsolariaren omenez ekainaren 14ean

2
‘Txirristaka goguan, gaurkuak kantuan’ saioa eta ‘Txirristaka Saria’ bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin ziren ostiralean

2024·06·21


Kultur programa Txirristaka bertsolariaren omenez ekainaren 14ean

‘Txirristaka goguan, gaurkuak kantuan’ saioa eta ‘Txirristaka Saria’ bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin ziren ostiralean

Ekainaren 14an Eusebio Mugertza ‘Txirristaka’ bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurrenaren harira antolatutako kultur programaren barruan, ‘Txirristaka goguan, gaurkuak kantuan’ saioa antolatu zuten In Leike Kultur Elkarteak, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gainera, ‘Txirristaka Saria’ bertsopaper lehiaketako sari banaketa ere egin zen.

Ostiralean, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak aritu ziren kantuan kalez kale. Txirristakaren bertso-sortak kantatzen eta banatzen eta bat-bateko lanean jardun ziren bi bertsolariak, batek Txirristaka gorpuztu eta besteak gaur egundik erantzun, txandaka. Egun euritsua izan bazen ere, entzule ugari bildu ziren Txirristakaren omenaldi performatiboa ikustera.

Bestalde, urteurreneko ekintzen barruan antolatutako ‘Txirristaka Saria’ bertsopaper lehiaketako sari banaketa ere egin zen udaletxeko udalbatza aretoan. Hiru kategoriatan banatu zen lehiaketa, baina kategorietako batean, B kategorian (2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoenean) ez zen lanik jaso, eta beraz, banatu gabe laga behar izan zituzten sariak. C kategorian, kategoria nagusian, 2005ean edo lehenago jaiotako Euskal Herriko bertsozaleek parte har zezaketen, eta guztira, hamalau lan aurkeztu ziren.  Lan horietatik Iruri Altzerreka Martinezen bertso-sorta aukeratu zuen epaimahaiak onenentzat eta 1.000 euroko saria eta garaikurra eskuratu zituen, eta bigarren saria, berriz, Oier Etxeberria Zubimendi azpeitiarrak, 500 euroko saria eta garaikurra jaso zituena. A kategorian, 2010ean edo ondoren jaiotako Debabarreneko bertsozaleek izan dute parte hartzeko aukera, eta guztira, 74 lan aurkeztu dituzte, horietako 58 mendaroar gazteenak. Aurkeztutako lan guztien artetik, Luken Zulaika Argoitia mendaroarraren lana saritu zuen epaimahaiak,  eta 100 euroko kultur-bonoa eta garaikurra jaso zituen. Bigarren saria  Axular Larrañaga Gonzalezentzat izan zen. Larrañagak 50 euroko kultur-bonoa eta garaikurra eskuratu zituen. In Leikek eta Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartzaile guztiei.

Argazkiak: Barren eta Ion Urbieta

1 2