Kirolgunea, igerileku estaligabeak, bidegorria eta futbol zelaia lehenetsi dituzte mendaroarrek Kirol Azpiegituren Diagnostikoan
2022·09·15
Kirolgunea, igerileku estaligabeak, bidegorria eta futbol zelaia lehenetsi dituzte mendaroarrek Kirol Azpiegituren Diagnostikoan
- Guztira 190 herritarrek hartu dute parte inkestan, martxan jarritako bi partaidetza-lerroen bitartez: online eta presentzialki egindako inkestak.
- Mendaroko Udalak, emaitzak oinarri, jada abian ditu hainbat azterketa: pistina estali-gabeen bideragarritasun azterketa lantzen dihardu; kirolgune baten azterketa lizitatzear da; eta Mendaro eta Elgoibar batuko dituen bidegorria eraikitzeko pausuak ematen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
- Iñaki Arregui alkateak berretsi du “urte anitzeko ekintza plan bat lantzea da helburua. Inbertsio potoloak dira, lehentasunak ezarri beharko dira eta adostasunak bilatu. Udal Gobernu honen apustua irmoa da kirolaren alde eta Mendarok aurrera-pausuak eman ditzan kalitatezko azpiegituretan”.
Mendaroko Udalak 2022ko bigarren hiruhilekoan burututako kirol Azpiegituren Azterketaren emaitzak eman ditu ezagutara: Kirolgune (gimnasioa + erabilera-anitzeko espazioak), igerileku estaligabeak, bidegorria eta futbol zelaia lehenetsi dituzte mendaroarrek.
Guztira 190 herritarrek hartu dute parte inkestan, martxan jarritako bi partaidetza-lerroen bitartez: online eta presentzialki egindako inkestak eta lan-bilerak eta ikastolaren bitartez burututako parte-hartze prozesua.
Helburuak izan dira udalerriko kirol-instalazioen eskaintzaren egungo egoerari buruzko analisi-diagnostikoa egitea, zerbitzuen eta instalazioen eskaintza eta eskaria aztertuz; azterketa modu parte-hartzailean egitea, mendarotarrei egungo eskaintzari eta haien beharrei buruzko balorazioan ahotsa emanez; eta, azkenik, egindako azterketa eta Mendaroko biztanleriaren balorazioa ikusita, udalerrian zer kirol-instalazio eta -ekipamendu mota landu beharko liratekeen proposatzea, jarduera fisikoa sustatzeko eta udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko.
Iñaki Arregui alkateak azaldu duen eran, “herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute beren udalerrietan kirol-instalazioen eskaintza nahikoa izatea, jarduera horrek lotura estua baitu bizi-kalitatearekin edo bizitza osasungarriarekin. Udaletik herritarrei Mendaro hobe bat eskaintzeko helburuarekin, aurreikuspen aurreratuak egitera behartuta daude, besteak beste, beren udalerriak zer kirol-ekipamendu behar dituen, non kokatu behar dituen, nola programatu behar dituen edota lehentasunezkotzat zein jarduera lehenesten diren zehaztuz. Horren oinarri da burutu dugun azterketa eta parte-hartze prozesua. Plan honen helburu orokorra Mendarok etorkizunean konpondu behar dituen ekipamendu-beharrak identifikatzea da, bizilagunen ohituretan oinarrituta eta instalazioen egungo eskaintza kontuan hartuta”.
Herritarren kontsultaren, elkarrizketen eta Mendaroren antzeko udalerriekin alderatutako analisiaren eta ondorio kuantitatiboen nahiz kualitatiboen arabera, jarduteko proposamen hauek egin dira:
- Gimnasia, yoga, spinning-a, dantza eta antzeko diziplinak praktikatzeko balio anitzeko aretoak.
- Kirol anitzeko kantxa, futbitoa, saskibaloia, eskubaloia eta tenisa bezalako diziplinak praktikatzea ahalbidetuko duena.
- Futbol zelaia.
- Estali gabeko igerilekuak (udakoak).
- Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, udalerria Elgoibarrekin lotuko duen N634 errepidetik bidegorri bat gaitzeko aukera baloratzea.
Mendaroko Udalak, emaitza hauek oinarri, jada abian ditu hainbat azterketa: pistina estali-gabeen kokaleku posible ugari ditu eskuartean eta bideragarritasun azterketa lantzen dihardu une honetan. Helburua da urtea amaitu baino lehen herritarrei aurkeztea aukera posible horiek eta elkarlanean lantzea proiektua. Bestalde, kirol-gune zabal baten azterketa lizitatzear da, zeinak gimnasioa, erabilera anitzeko espazioak eta futbol zelaia hartuko lituzkeen. Eta azkenik, Mendaro eta Elgoibar batuko dituen bidegorria eraikitzeko pausuak ematen ari da 2021az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Alkateak berretsi du “urte anitzeko ekintza plan bat lantzea da helburua. Inbertsio potoloak dira, lehentasunak ezarri beharko dira eta adostasunak bilatu, legealdi bat eta bitik haratago doazen proiektuak baitira. Udal Gobernu honen apustua irmoa da kirolaren alde eta Mendarok aurrera-pausuak eman ditzan kalitatezko azpiegituretan, zeinak zuzenki eragiten duten herritarren ongizatean”.
Mugakideak diren herrietara kirola egitera
Kontuan izan da Mendaro udalerri gaztea da demografiaren ikuspegitik. Azken urteotan gertatu diren etxebizitza-garapenei esker, inguruko udalerrietako jatorrizko pertsonek herrian finkatu dute bizilekua. Horrek eragin du Mendaroko piramide demografikoaren oinarria sendoa izatea. Hala eta guztiz ere, Mendarok nolabaiteko logela-udalerri izaera du, hau da, bertako egoiliarrek, lan-arrazoiengatik ez ezik, beren jarduera pertsonal eta aisialdiko jarduera gehienak udalerritik kanpo egiten dituztelarik.
Jarduera pertsonal horien barruan, kirol-jarduerei dagokienez, mendarotar asko eta asko mugakide diren udalerrietara joaten dira horrelako jarduerak egitera. Adinekoek ez ezik, seme-alabek ere, horrek dakarren eraginarekin gizartean, ekonomian edota ingurunean.
Jarduera fisikoarekin lotutako ohiturei dagokienez, biztanleriaren % 90ek baino gehiagok dio jarduera fisikoa egin ohi duela. Egindako jarduera nagusien artean, paseoa/mendia/korrika, gimnasia, igeriketa eta txirrindularitza dira 12 urtetik gorako pertsonek gehien egiten dituztenak, eta futbola da jarduera nagusia 12 urtetik beherako haurren artean.
Gaur egungo kirol-zerbitzuen, -ekipamenduen eta -instalazioen eskaintza beste udalerri batzuetara kirola egitera mugitzen diren Mendaroko pertsonen ehuneko handiaren atzean egon daiteke. Mendaron gaur egun dagoen eskaintza Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako tamaina bereko udalerrietako eskaintzarekin alderatuz gero, Mendaroko eskaintza apur bat txikiagoa dela ikus daiteke.
Mendaroren antzeko beste udalerri batzuekin alderatuz gero, ikus daiteke Mendarok lau instalazio-tipologia dituela, eta, hala ere, aztertu diren antzeko udalerri gehienetan aurki ditzakegula gimnasioak, kirol-kantxak, futbol-zelaiak eta estali gabeko igerilekuak.
Mendaron gaur egun dauden ekipamendu eta instalazioen eskaintzaren balorazio orokorrari dagokionez, kultur, Goñati gimnasioa eta ikastolako patioa dira 12 urtetik gorakoek balorazio txarrena jaso dutenak. Balorazio baxu hori emateko arrazoi kualitatibo nagusien artean tamaina txikia eta dagoen eskaera handirako egokitasunik eza daude.
Mendarotik kanpo egiten diren jarduera fisikoen eta kirol-jardueren tipologiari dagokionez, instalaziorik behar ez dutenez gain (paseatzea, mendira joatea edo txirrindularitza), gehien praktikatzen direnak gimnasioa, igerilekua eta futbola dira.
Era berean, eta instalaziorik behar ez duten jarduera fisikoekin eta kirol-jarduerekin lotuta, egia da erantzun kualitatiboetan pertsona askok adierazten dutela Mendaro inguruko udalerriekin lotuko duen bidegorri bat eduki behar dela, txirrindularitza, paseoa edo running-a bezalako diziplinen praktika hobea ahalbidetuko duena.