Link interesgarriak

Atzealdea Kilimon bailaran bi PR ibilbide egiteko lanak hasi dira

1
Kilimon Trail mendi lasterketaren ibilbidea Ibilbide Labur (PR) kategorian sartzeko balizai lana, seinalizazio lana eta egokitze zein garbitze lanak amaituta egongo dira udazkenerako.

2024·07·16


Kilimon bailaran bi PR ibilbide egiteko lanak hasi dira

Kilimon Trail mendi lasterketaren ibilbidea Ibilbide Labur (PR) kategorian sartzeko balizai lana, seinalizazio lana eta egokitze zein garbitze lanak amaituta egongo dira udazkenerako.

Duela urte batzuk sortu zitzaien Kilimon Trail mendi lasterketa antolatzen duten Mendaroko Txirrindularitza Elkarteko eta Lizarpe Mendi Klubeko kideei lasterketa bidea atontzeko eta PR mendi ibilbide moduan seinalizatzeko eta homologatzeko ideia. Modu honetan, ibilbidea urte osoan zehar edozeinek erabiltzeko moduan jarri ahal izango zen, eta ibilbidearen mantenimendua sistematizatu.

Aurreko legegintzaldian hasi ziren Kilimon Traileko antolatzaileak Mendi Federazioarekin eta Mendaroko Udalarekin harremanean mendi lasterketaren ibilbidea markatzeko asmoz, eta harreman horrek bere fruituak eman ditu. Izan ere, dagoeneko martxan dira Kilimon bailarako bi ibilbide PR bihurtzeko lanak. PR (Petit Randonnée) edo Ibilbide Labur izena hartzen dute seinalatu eta homologatutako ibilbide motzek, aldapa handirik gabekoak, erraz samarrak eta lau ordu baino gutxiagotan egiten direnak, hau da, salbuespenak salbuespen, ia edonork egin ditzakenak. 

Mendaroko Udalak 15.257 euroko aurrekontua bideratu du (BEZa barne) proiektu hau gauzatzeko, eta Kilimon Traileko bi bideak Ibilbide Labur bezala egokitzeko lan desberdinak egingo dira datozen hilabeteetan: ibilbideak finkatu eta hauetan balizai lana egingo da, hamar baliza jarriz guztira; hamabi poste eta hogeitabost gezi diseinatu eta ipiniko dira; mapa baten bidez bidea markatuko duen hasierako panel bat diseinatu eta kokatuko da; egurrezko eskailerak jarriko dira bidearen irisgarritasuna bermatzeko; eta sasiak kentzeko eta bidea atontzeko lana egingo da.

Dagoeneko adostuta dago nondik nora izango diren Kilimoneko bi PR ibilbideak, eta hasi dira bidea markatuko duten pintaketak egiten eta posteak kolokatzen. Aurreikuspenen arabera, udazkenerako amaituta egongo dira Kilimon Traileko bi PR-ak. 

Mendaroko Udal Gobernuaren planetako bat mendi ibilbide sarea garbitu, markatu eta mantentzea zen Mendi Federazioaren laguntzarekin, eta horrela “inguruneko natura balioan jartzea” Enetz Ezenarro alkateak dioenez. “Etorkizunean beste bide batzuk zehaztu eta garbitzeko asmoarekin jarraituko da”.

1