Link interesgarriak

Atzealdea Kaleak denONAK: Elkarlanean Mendaro berrantolatzen

Mendaroko Udalak herriko espazio publikoen berrantolaketarako plana jarri du martxan.

2024·11·27


Kaleak denONAK osasun eta inklusioaren ikuspegiak kontuan hartzen dituen Mendaroko espazio publikoen berrantolaketarako partaidetzazko proiektua da, Projekta Urbes-en aholkularitza teknikoaren laguntzaz gauzatzen ari dena. Etorkizuneko Mendaro nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeaz gain, desio dugun hori lortzeko lehen pausoak ezartzea da prozesu honen helburua, partaidetzaren bitartez adostutako marko estrategiko baten barruan.

Kolektibo desberdinekin egin dira parte-hartze saioak. Maiatzean emakumeekin, jende nagusiarekin eta herritarrekin, orokorrean. Bakoitzarekin saio bana. Ekaina-uztailean Oinherriren bidez eta udalekuak aprobetxatuz, umeekin. Azaroan, berriz, Oinherriren bidez baita ere, nerabe eta gaztetxoekin. Ikuspegi desberdin guzti horiek txertatu nahi izan dira planean. Horretarako, formakuntza eta parte-hartzea bateratuko dituen prozesu anitza antolatu da, udal-teknikariekin, ordezkari politikoekin, herriko talde ezberdinekin eta herritarrekin batera garatua izan dena.

Lehenengo aurkezpen saioa etorkizun desiragarriak kolektiboki irudikatzeko aukera bikaina izan zen, lortu nahi zen helbururako pausuak ezarri eta zehazteko, eta hau martxan jartzeko lehen urratsak emateko. Bigarren saioan aurre-diagnostiko eta proposamenen azterketa eta moldaketa egin zen, banaka zein taldeka, eta gerturatutako guztien artean baloratu ziren egindako planteamenduak.

Besteak beste, honako arazoak identifikatu eta proposamenak planteatu ziren: herriko Enparantzatik ibilgailuak eta trafikoa kentzeari buruz hausnartu zen, plazan egoteko espazio atsegin bat sortzeko, elementu naturalak txertatuz eta oinezkoen irisgarritasun hobe bat planteatuz; Ikastola inguruan oinezkoen ibilbideak lehenetsi eta trafikoa baretzeko neurriak aztertu ziren; Aranerrekako ibilbidea herrian ongizatearekin gehien lotzen den ingurua izanik, osasun fisiko, mental eta sozialerako baliabide gisa ekipatzearen beharra plazaratu zen, eta Martzela Osoro plaza erakargarriago bihurtzeko planteamenduak ere egin ziren; edota eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren eta plan estrategiko baten beharrik ez duten jarduketei —obra txikiak, argiztapena, hiri-altzariak, etab.—  buruz ere jardun zen.

Azaroaren 4an galdetegi digital bat zabaldu zen landutako proposamenekin adostasuna neurtu eta ekarpen berriak jasotze aldera.  Gainera, haur eta nerabeekin diagnostiko saio bereziak ere egin ziren azaroaren 8an beraien ikuspegia txertatzeko. Azaroaren 21ean izan zen azken parte-hartze saioa Projekta urbesekoek aurreko saioetan oinarrituta egindako proposamenei ekarpenak egiteko. Prozesuan zehar herritar guztion artean nabarmendutako arazo eta proposamenak etorkizuneko Mendaroko hiri-plangintzan txertatzeko irizpide baliagarriak izango dira.

Hemen berreskurau ditzakezue orain arteko saioetan erabili diren aurkezpenak:

  1. Prozesuaren aurkezpena (labur.eus/MEN1)
  2. Diagnostikoa eta proposamenak (labur.eus/MEN2)
  3. Proposamen zirriborroei ekarpenak. Udala (labur.eus/MEN3)
  4. Proposamen zirriborroei ekarpenak. Herritarrak (labur.eus/MEN4)