Link interesgarriak

Atzealdea Kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak digitalizatzeko proiektua abiaraziko du Mankomunitateak, eraginkortasuna handitzeko

• Helburua da zerbitzuen kudeaketa eta kalitatea hobetzea, ematen diren zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko.

2022·07·11


Kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak digitalizatzeko proiektua abiaraziko du Mankomunitateak, eraginkortasuna handitzeko

 

  • Helburua da zerbitzuen kudeaketa eta kalitatea hobetzea, ematen diren zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko.
  • Zerbitzuaren lizitazioa martxan dago eta gehieneko aurrekontua 779.886,44 eurokoa izango da, BEZ barne.

 

 

Mankomunitateak kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak digitalizatzeko proiektua abiaraziko du. 47 ibilgailu eta 2.428 edukiontzi digitalizatzea aurreikusten da. Helburua da zerbitzuen kudeaketa eta kalitatea hobetzea, ematen diren zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko.

 

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak prentsaurrean adierazi duenez, “etengabeko hobekuntzan, Mankomunitateko zerbitzuen eraginkortasuna handitu nahi dugu, herritarrei ahalik eta zerbitzurik osatuena eta eraginkorrena eskaintzeko. Hondakinak biltzeko eta kaleak garbi mantentzeko ematen ditugun zerbitzuak aztertzean datza digitalizazioak, ondoren beharrezko hobekuntzak txertatzeko, gaikako bilketa areagotzeko diseinatuta egongo direnak. Izan ere, zerbitzuak digitalizatzean, errazago identifikatuko ditugu behar diren hobekuntzak, eta argiago ikusiko ditugu barne antolaketa mailan dauden premiak eta langileei dagokienez ere planifikazioa hobetzea ahalbidetuko du. Horregatik, gure baliabideen digitalizazioak hainbat aldaketa ekar ditzake ematen ditugun zerbitzuetan, Mankomunitatearen ibilgailuen ibilbideetan edota kontrola egiteko moduetan. Betiere zerbitzuak eraginkorragoak egiteko helburuarekin”.

 

Apirilaren 4an abiarazi zen lizitazioa eta esleitze prozesuan dago. Gehieneko aurrekontua 779.886,44 eurokoa izango da, BEZ barne. Proiektua esleitzen denean, bi fasetan jarriko da martxan. Lehenik zerbitzuen digitalizazioa hondakin bilketaren hiru ibilbideetan eta kale garbiketako bi ibilbideetan ezarriko da funtzionamendua aztertzeko, eta, ondoren, lehen saiakerak izandako emaitzen arabera, ibilbide guztietan ezarriko da.

 

Datuak jasotzea eta zerbitzuen eraginkortasuna handitzea helburu

 

Digitalizazioak Mankomunitateari ahalbidetuko dio edukiontzien lokalizazio zehatza jakitea eta baita eta horien egoera zein den ezagutzea. Horrez gain, ibilgailuen ibilbideak zein diren zehatz mehatz jakitea eta horiek hobetzea ere bai.

 

Bestalde, planifikatutako eta egindako ibilbideen jarraipenerako sistemak izango ditu Mankomunitateak eta baita inzidentzia eta komunikazioak kudeatzeko sistema bat ere. Horrez gain, gaikako bilketari dagokionean, jasotzen eta kudeatzen den hondakin kopurua eta herritarrek edukiontziei ematen dieten erabilera zein den zehaztasun handiagoz jakingo du Mankomunitateak.

 

Dokumentazio lanak

 

2021ean hasi zen Mankomunitatea proiektua garatzen. Azken urtean zehar, dokumentazio lanak eta merkatu ikerketa egin ditu, baliabideak modurik eraginkorrenean erabiltzeko. Hala nola, edukiontzietan sarbide-kontrolaz hornitutako sarraila elektronikoen merkatuan dauden teknologia ezberdinak aztertu ditu, baita edukiontzien geolokalizaziorako dauden teknologia ezberdinak ere. Zerbitzura atxikita dauden barneko ordenagailu, sentsore eta bestelako gailuz

hornitutako ibilgailuen monitorizaziorako dauden teknologiak ere aztertu ditu, kudeaketa eta kontrolerako software eta plataforma ezberdinak, datu eta intzidentziak kudeatzeko aukerak, eta software ezberdinen balizko bateragarritasuna ere bai.