Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Inbertsio errealetarako partida ia laukoiztu egingo da Mendaroko Udalaren 2026ko aurrekontuetan

.

2025·12·12


INBERTSIO ERREALETARAKO PARTIDA IA LAUKOIZTU EGINGO DA MENDAROKO UDALAREN 2026KO AURREKONTUETAN

Azaroko plenoan Mendaroko Udaleko zinegotzi guztiek ahobatez onartu zuten  4.486.792,99 euroko 2026ko aurrekontua Mendaroko Udalerako; iazkoa baino %24 handiagoa.

Enetz Ezenarro alkateak adierazi duenez, “onartutako aurrekontuak agintaldi honetako erronka garrantzitsuak modu ausart eta errealistan jasotzen ditu; gure helburua da Mendarok behar dituen proiektuak modu eraginkorrean gauzatzea herritarren ongizatean eragina izan dezaten”.

DIRU-SARRERAK 

Ohiko moduan, Foru Aldundiaren Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa izango da diru iturri nagusia 2026an ere. Mendarok 1.927.465,90 euro jasoko ditu bide horretatik, iaz baino 125.000 euro gehiago.

GASTUAK ETA INBERTSIOAK 

Inbertsio errealen atalean eman da aldaketarik handiena 2025eko aurrekontuekin alderatuta: 353.500 eurotik 1.319.774,05 eurora igaro da, ia laukoiztuz.

Honako hauek izango dira proiektu nagusiak:

1. Jubilatuen taberna eta egoitzaren erreforma

   -600.000 euro 2026an (2025eko 150.000 euroei gehituta). 

   -Lanak 2025eko azaroan hasi ziren eta 2026ko uztailean amaitzea espero da.   

   -Ezenarrok adierazi du: “Proiektu honek gure herriko komunitate bizitza indartuko du; espazio zabalago eta polibalenteago batek jubilatuei, eta oro har, mendaroar nahiz bisitan datozkigunei, kulturarako eta sozializaziorako baliabide garrantzitsua eskainiz”.

2. Herriko kale argiteria osoa LED teknologiara aldatzea 

   -507.274,05 euro 2026an. 

   -Udalak Espainiako ministerioko IDEA trantsizio energetikorako institutuaren mailegu bat jasoko du zenbateko berarekin, interesik gabe 10 urtean itzultzeko. Aurreztuko dugun energiaren balioa mailegua itzultzera bideratuta, udalarentzat kosturik gabeko operazioa izango da.

   -Alkatearen hitzetan: “Energia aurrezpena eta efizientzia nahitaez bultzatu beharreko printzipioak dira bizi ditugun trantsizio energetiko eta klima larrialdi garaiotan. Globalki pentsatu eta lokalki jarduteko dioen leloa geure eginez mendaroarrok ere gure aletxoa jarri nahi dugu bizimodu jasangarri batera bidean”.

Horiez gain, inbertsio errealei dagokienean, udalaren lokal komertzial bat Etxebidek kudeatutako alokairurako etxebizitza bezala egokitzeko 80.000 euro,  hirigintzako obra txikietarako 50.000 euro eta landaguneko inbertsioetarako 30.000 euro aurreikusten ditu onartutako aurrekontuak.

Eta inbertsioetaz aparte, kultura eta gizartegintzan aurreikusitako gastuek ere igoera aipagarriak dituzte 2026ko aurrekontuetan. Kulturari (euskara, jaiak eta azoka, hezkuntza, kultur agenda, kirola…) dagokionean, 469.635 eurotik 518.215 eurorako igoera aurreikusi da, hau da,  2025ekoa baino %10 handiagoa. Eta gizartegintzako gastuari dagokionez, berriz,  549.450 eurotatik 573.900 eurora pasako da, hau da, 2025ekoarekiko %4,5eko igoera. Modu honetan iazko aurrekontuetako babes sozialeko neurriak egonkortzeaz gain (etxez-etxeko laguntza %71 eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza %33 igo ziren 2025ean), besteak beste, berdintasunerako partida 8.000 eurotik 20.000 eurora igoko da, eta gure nagusien buru osasuna eta autonomia bultzatzeko martxan jarritako Burulogy bezalako programa arrakastatsua ere indartu nahi da gastua 12.000 eurotik 20.000 eurora igoz. “Herriko azpiegiturak zaindu eta herritarren beharretara egokitutako  berriak eraikitzea ezinbestekoa dela jakinik, oso argi daukagu, baita ere,  kultura eta gizartegintza direla herritarren ongizatean aurrera egin eta mendaroarron komunitatea elkartu eta indartzeko dauzkagun tresna indartsuenak” alkatearen hitzetan. “eta horretan gabiltza kosta ahala kosta”.