Albisteak
Atzealdea

Iñaki Arregui alkatearen mezua mendarotarrei koronabirusaren pandemiaren aurrean

Neurri berriak iragarri ditu alkateak: Desinfekzio lanak indartu eta areagotuko dira jende gehien dabilen guneetan: saltokien atariak, farmaziak, ospitale ingurua… Datorren egunetan 70 urtetik gorako eta bazterkeria egoeran dauden herritar guztiei deituko zaie Udaletik. Baita, Covid-19ak eragindako sektore ekonomikoei begira, neurri fiskalak lantzen dihardute.

2020·03·24


Iñaki Arregui alkatearen mezua mendarotarrei koronabirusaren pandemiaren aurrean

Iñaki Arregui Mendaroko alkateak honako mezua helarazi die herritarrei:

“Une bereziak bizitzen ari gara. Duela hamarkada ugari bizitako garaiak gogorarazten dizkietenak herriko zaharrenei.

Baina eredugarria ari da izaten mendarotar guztien erantzuna.

Udaletik, alderdi politiko eta langile guztiak elkarlanean, lanean ari gara gainerako erakundeekin batera, pandemia geldiarazi eta herritarren ongizatea bermatzeko.

  • Udala, eraikin publikoak eta ekitaldi oro bertan behera utzi ditugu. Telematikoki artatzen ari gara herritarrak.
  • 80 urtetik gorako herritar guztiei deitu diegu egoeraz galdetu eta beren beharrizanak asetzeko.

Neurri berriak jarri dira abian gaur, martxoak 23. Desinfekzio neurriak indartu eta areagotuko dira jende gehien dabilen guneetan: saltokien atariak, farmaziak, ospitale ingurua… Datorren egunetan 70 urtetik gorako eta bazterkeria egoeran dauden herritar guztiei deituko diegu Udaletik. Baita, Covid-19ak eragindako sektore ekonomikoei begira, neurri fiskalak lantzen dihardugu.

Guztion inplikazioa beharrezkoa da. Etxean gelditu mesedez.

Nire eskerrak herritar guztiei, eta noski, lanean diharduten merkatari, brigada-langile, erizain, eta mediku guztiei. 

Guzti honek onik badauka, egunotan ikusi dugun herritarren solidaritatea, balkoietan zabaldu ditugun kantu, irri, eta batez ere, txalo zaparradak dira.

Elkarrekin egingo diogu aurre, bat eginik, guztiok batera.

Mila esker”.