Link interesgarriak

Atzealdea Iñaki Arregui alkateak elkarlanerako deia egin du Debabarrena biziberritzeko

1
• Iñaki Arregui alkateak Debabarreneko eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia eratzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean hartu du parte: “funtsezko bi erronkari egin behar diegu aurre: industria eta gure udalerriak biziberritzeko beharrezko prozesuari eta proiektu berriak erakartzeari. Beste administrazio batzuen ahaleginak batuta, bultzada handia eman dakieke industria eta hiria berroneratzeko politikei”.

2022·01·20


Iñaki Arregui alkateak elkarlanerako deia egin du Debabarrena biziberritzeko

  • Iñaki Arregui alkateak Debabarreneko eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia eratzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean hartu du parte: “funtsezko bi erronkari egin behar diegu aurre: industria eta gure udalerriak biziberritzeko beharrezko prozesuari eta proiektu berriak erakartzeari. Beste administrazio batzuen ahaleginak batuta, bultzada handia eman dakieke industria eta hiria berroneratzeko politikei”.

 

Mendaroko alkateak, Iñaki Arregui, agerraldia egin du gaur, Elgoibar, Soraluze eta Mallabiako alkateekin batera, Debabarreneko eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia eratzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean. Legebiltzarreko mahaiari zuzendutako legez besteko proposamena da, Legebiltzarreko osoko bilkura batean eztabaidatzeko. Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskal sozialistek aurkeztu dute, eta "hausnarketa sakona egitea" proposatu dute, "COVID-19aren krisiaren ondoren industria-ehunaren galera saihesteko eta haren birsorkuntza ekonomikoa sustatzeko". Proposamena egin duten taldeek uste dute eskualdeko adierazle ekonomikoek suspertzeko eta Debabarrena birsortzeko jarduera espezifikoak merezi dituztela.

“Debabarreneko eskualdea, historikoki, industria-eskualde bat izan da, eta horrekin ongizate handia eraiki da alderdi guztietan: arlo sozialean, ekonomikoan, zerbitzuetan... Debabarreneko industriaren indar-galerak, biztanleria-galerak eta hiri-degradazioak eskualdearen degradazioan sakondu dute” azaldu du alkateak.

Iñaki Arreguiren iritziz “beheranzko joera nabarmena da” honako arrazoiak tarteko: Kokapena eta orografia batetik, azken hamarkadetan hiriburuetarantz eman den lekualdaketa joerak gure ingurunea hustu du. Alor ekonomikoan, berriz, izaera industrial hori galtzen joan gara. Azken datuen arabera, 12 urtetan 200 enpresa industrial galdu ditugu, %31. Biztanleriari erreparatuz, Debabarrena osatzen dugun 8 udalerrietan 73.000 biztanle bizi gara. Duela 2 hamarkada baino % 15,6 gutxiago. Eta azkenik, eremu degradatuak industriak izan duen bilakaeraren ondorio.

Alkateak adierazi du “aukerak eskaintzeko eta Debabarreneko herritar guztien ongizatea bermatzeko apustua” egin behar dela.

Arreguiren iritziz, “industriarentzako herria zein eskualdea erakargarri egiten jarraitu behar dugu. Enpresa industrialen erritmora egokitu behar dugu, eta ehun ekonomikoarekin elkarlanean herrian bertan aukerak eskaini, aberastasuna eta enplegua mantendu ditzagun herritarren ongizatea bermatzeko. Adi egon behar dugu jokamolde berrietara, ingurune gero eta globalizatuago batean. Gure gakoa espezializazioan dago, eta hori lagundu eta sustatzea dagokigu; aukerak eskaintzea. Horretarako, arrazoizko prezioko lurzorua eta pabiloi eta poligono zaharkituak birmoldatzeko programak behar ditugu”.

Alkateak ere zerbitzuetan jarri du fokua: “zerbitzuak ere bereziki garrantzitsuak dira Mendarorentzat, udalerri txikia baita. Merkataritzarik gabe ez dago bizitzarik gure kaleetan. Gaur egun Mendarok ostalaritzako eta merkataritzako 23 zerbitzu ditu. Biztanleriak behera egin ahala, eta langabezia-tasak gora egin ahala, eragin zuzena du ostalaritzan eta zerbitzuetan. Kontsumoak sufritzen du. Udalerria egiteko oparotasun ekonomiko eta soziala eta azpiegitura egokiak behar ditugu.

Orografiari dagokionez, udalerriak oztopo natural garrantzitsuak ditu eta Deba ibaiak banatzen du. Gainera, auzo batzuek irisgarritasun arazoak dituzte. Horrez gain, Mendaron eskualdeko ospitale bat dago. “2022 honetan egia bihurtuko dugu herriaren erdigunea eta goiko auzoak eta ospitalea lotuko dituen igogailu publikoa. Gainera, agerikoa da eraikinak, oro har, zaharberritze integrala behar duela”.

Bidegorriak eta garraioa azpimarratu ditu: “Bidegorri sarea osatu eta garraio zerbitzuak areagotzea herria erakargarriago egin eta eskualde izaera indartzen du”. 

Horrez gain, alkateak berretsi du “sarrera bakarra duela Mendarok. Mendarora zubi batetik baino ezin da iritsi, horrek dakartzan arriskuekin: istripuak edo uholdeak direnean, adibidez. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, zubi berri bat proiektatzen ari gara, udalerriari eta tokiko enpresei zerbitzua emateko”.

Iñaki Arregui: “funtsezko bi erronkari egin behar diegu aurre: industria eta gure udalerriak biziberritzeko beharrezko prozesuari eta proiektu berriak erakartzeari. Beste administrazio batzuen ahaleginak batuta, bultzada handia eman dakieke industria eta hiria berroneratzeko politikei”.

Foroa eratzea onartuta dago jada, eta haren funtzionamenduak Ezkerraldea eskualdean, Meatzaldean eta Oarsoaldean, eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietan zentratutako aurretiazko ponentzien ibilbideari jarraituko dio.

 

1