Link interesgarriak
2021·03·03
Hirigunetik ospitalera doan igogailua errealitate bilakatzeko urrats bat gertuago
- Azken osoko bilkuran, hirigunetik ospitalera igoko den igogailuaren proiektuaren idazketa martxan jartzea onartu zuen udalbatzak.
- Honen helburua da mendaroarrentzat ospitalerainoko irisgarritasuna hobetzea, baita trenez heltzen diren erabiltzaile guztientzat ere.
Mendaroko ospitalea aski ezaguna da Gipuzkoa mailan eta mendaroarrak artatzeaz haratago, zerbitzua eskaintzen die Debabarrena eskualdeko biztanleei, baita inguruko beste herri zein eskualdetatik datozenei ere.
Kontuan hartuta, beraz, ospitaleak herri, eskualde zein lurralde mailan duen garrantzia eta gainera, eraikina herrigunearekiko urrun eta eremu altu batean dagoela, Mendaroko udal gobernuak lehentasunezkotzat jo du aipatu eraikinera heltzeko irisgarritasuna hobetzea eta hirigunetik ospitalera igoko den igogailu bat eraikitzeko prozesua jarri du martxan.
Proiektu hori, hain zuzen, Mendaroko Kudeaketa Planean jasoa dago eta hori oinarri hartuta, lehen urrats gisa, azken osoko bilkuran, proiektuaren idazketa martxan jartzea onartu zuen udalbatzak. Horri jarraiki, datozen asteotan aipatu lanekin hastea espero du Udalak.
Igogailuaren helburu nagusia ospitalerainoko irisgarritasuna hobetzea da, bai herritarrentzat zein trenez heltzen diren gainerako erabiltzaile guztientzat ere. Ildo horretan, igogailu honek 27 metro inguruko desnibela lotzea da asmoa, horretarako bi igogailu eraikiz: Kilimon etorbidetik Andoneikua etorbidera bata eta bertatik ospitalera bestea. Era berean, tartean ere beste geldiune bat egitea aurreikusi da, hain zuzen kirol gunean, eremu hori ere erdigunearekin lotuz.
Mendaroko alkate Iñaki Arreguik nabarmendu du legealdi honetan herritarren bizi kalitatea esponentzialki hobetu nahi dutela, beste hainbaten artean, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko duten azpiegiturak abian jarriz: “igogailuak asko erraztuko du mendarotar zein bisitarien mugikortasuna ospitalera. Oinarrizko zerbitzua da, herritar guztiok erabiltzen duguna, eta ezinbesteko da irisgarritasuna bermatzea. Mendaroko etorkizunaren zimendu da, apustu estrategikoa. Lanak 2021eko bigarren seihilekoan hastea dugu aurreikusia”.