Link interesgarriak

Atzealdea Herri berdeago eta jasangarriago baten aldeko apustuan 96 eguzki plaka jarriko ditu Mendaroko Udalak ikastolako eraikinean

Instalazio horri esker energia eraginkortasunaren bidean urratsak emango dira eta, besteak beste, urteko 3.400 euroko aurrezkia lortuko da energia kontsumoan.

2021·06·03


Herri berdeago eta jasangarriago baten aldeko apustuan 96 eguzki plaka jarriko ditu Mendaroko Udalak ikastolako eraikinean

  • Instalazio horri esker energia eraginkortasunaren bidean urratsak emango dira eta, besteak beste, urteko 3.400 euroko aurrezkia lortuko da energia kontsumoan.
  • Ekilor enpresa izango da instalazio lanak aurrera eramatearen arduradun eta uda sasoia egingo dira, Ikastola itxita dagoela aprobetxatuz. Aurrekontua 48.090.34 eurokoa da (BEZ barne).
  • Iñaki Arregui, alkatea: “Lehen aldia da Mendaron horrelako instalazioa bat egiten dela eta helburua da energia berriztagarrien aldeko urratsak ematea, energetikoki eraginkorragoak izatea eta Mendaro herri berdeagoa, ekologikoagoa, jasangarriagoa eta ingurumenarekiko arduratsuagoa bilakatzea”.

 

Trantsizio energetikoaren bidean eta energia eraginkortasunaren aldeko apustu zein konpromisoari helduta, Mendaroko Udalak energia berriztagarrien alde egin du jauzi eta lehen aldiz, azken horiekin loturiko instalazio bat jarriko du abian herrian.

Hain zuzen eguzki plakak jarriko ditu Ikastolako eraikinean, guztira 96 plaka. Lan horiek Ekilor enpresak burutuko ditu uztailetik aurrera, Ikastola itxita dagoela aprobetxatuz. Aurrekontua, halaber, 48.090,34 eurokoa da (BEZ barne).

Instalazio honen helburu nagusia eraginkortasunarekiko bidean urratsak ematea da, eguzki plakei esker, energia berdea lortuko baita ikastolako eraikina hornitzeko. Plaken angeluak, halaber, (teilatuaren angelu berdina, 10º), bereziki goizeko eguzkia aprobetxatzea ahalbidetuko du, ikastolako gehiengo energia kontsumo orduak hornitzeko.

Gainera, ekoiztutako energia soberakinarekin 500 metroko eremuan dauden gainerako udal eraikinak ere hornitu ahal izango dira.

Horrela, eguzki plakek eskaintzen duten teknologia berriztagarriei esker, plakek sortutako energia korrontea korronte alterno bilakatuko da eta hori zuzenean kontsumitu edo energia sarera gehitu ahal izango da.  Horrela, urteko 3.400 euroko aurrezkia lortuko da energia kontsumoan.

Aurrezki horrek, era berean, eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren bidean aurrera pausoak ekarriko ditu herrira. Izan ere, energia berriztagarrietarantz lanean ari da Udala, alor horretan Mendaro zein mendarotarrek urratsak eman ditzaten alternatiba desberdinak lantzen. Ildo horretatik, instalazio berri honen datuei jarraiki, etorkizunean hori bera herriko beste eraikinetara zabaltzea aztertuko du Udalak.

“Lehen aldia da Mendaron horrelako instalazio mota bat egiten dela eta gure helburua da energia berriztagarrien aldeko urratsak ematea, energetikoki eraginkorragoak izateko eta Mendaro herri berdeagoa, ekologikoagoa, ingurumenarekiko zaintzan arduratsuagoa eta jasangarriagoa izan dadin”, amaitu du Iñaki Arregui alkateak.