Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Hasi dira Santa Ana Baseliza birgaitzeko lanak
2024·05·29
Hasi dira Santa Ana Baseliza birgaitzeko lanak
Teilatua konpondu, egoera txarrean dauden egurrak aldatu eta beste lan osagarri batzuk egingo dira. Estimatzen da ekainerako bukatuko direla lanak.
Baseliza, azken aldiz, auzolanean konpondu zen 1982an, eta gaur egun ez dago egoera onean. Azken urteetan ezin izan da bertan mezarik eman, segurtasun arazoengatik, eta dagoeneko bi urte dira Santa Ana egunean ermitan erromeria eta elizkizunik egin ez dela.
Horregatik, iazko udazkenean Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistiko saileko arkitektoa Mendaron izan zen Santa Ana Baselizaren egoera aztertzen. Adituaren arabera, baselizak ez du aberia handirik: teilatua konpondu, egoera txarrean dauden egurrak aldatu eta beste lan osagarriren bat egitearekin nahikoa izango da.
Ermitaren jabegoa Gotzaindegiak zeukanez, Mendaroko Udalak hitzarmena sinatu du Gotzaindegiarekin hogeitamar urtez udalari erakinaren erabilera eskumena emanez. Hala, udalak babestutako ondarea birgaitzeko dirulaguntza eskatu ahal izan du, eta laguntza honen bidez, berrikuntza lanetarako 45.700 €-ko kostua kubritu ahal izango da.
“Egurki” enpresa izango da zaharberritze lanez arduratuko den enpresa. Maiatzaren bigarren hamabostaldian hasi dira lanak, eta estimatzen da hilabetean bukatuta egongo direla. Enetz Ezenarro alkateraen hitzetan, “pozgarria da uztailaren 26rako, Santa Ana egunerako, baseliza erabiltzeko moduan egongo dela jakitea. Jakitun gara mendaroar askorentzat garrantzizko gai bat dela, eta horregatik, egin dira propio Santa Anako basilikaren birgaitzeari buruzko bilerak azaroan eta maiatzean.”
Bestalde, alkateak azaldu duenez, eraikinaren zaharberritze lanak bukatu ostean, baseliza ingurua zein bideak konpondu eta atontzeari ekingo zaio “eliza erabilgarri utzi eta sarrera irisgarria izan dezan”.