Albisteak
Atzealdea

Goñati eraikinean gimnasioa zabaltzeko lehiaketa jarri du abian Mendaroko Udalak

Lehiaketa martxoaren 16a bitarte dago zabalik.

2020·03·10


Goñati eraikinean gimnasioa zabaltzeko lehiaketa jarri du abian Mendaroko Udalak

  • Lehiaketa martxoaren 16a bitarte dago zabalik. Emakidadunak kontratua betetzeko giza baliabide edo bitarteko material nahikoa atxikitzeko betebeharra izango du. Materialei dagokienez, besteak beste, eta bereziki, fitness- eta muskulazio-makinen gimnasioa hornitu beharko du, erabiltzaileen eskakizunen arabera berritu ahal izateko. 
  • Udalaren helburua maiatzaren bueltan gimnasioa zabaltzea litzateke.
 

Mendaroko Udalak gimnasioa zabalduko du herrian. Goñati eraikinean kokatuko da. 2. solairuan, zehazki, 98,39 m ² -ko azalerarekin. Horrez gain, aldagelak eta komunak ditu eraikinaren sotoko solairuan, eta Udalak dituen kirol- eta kultura-jardueren beste erabiltzaile batzuekin partekatuko da.   

Berau garatzeko lehiaketa jarri du abian Udalak. Helburua da zerbitzuaren kudeaketa esleitzea bi urtetarako, beste bi urte luzagarrirekin. Martxoaren 16a bitarte aurkez ditzakete proposamenak interesdunek. Lizitazio prezioa urteko 42.300 eurokoa da. 

Lizitazioaren oinarri teknikoetan zehazten denez, jendearentzako ordutegia honako hau izango da, gutxienez: astelehenetik ostiralera, goizez 10etatik 13etara, eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara; Larunbatetan: 10:00etatik 13:00etara. Ordutegi eta egun hauek aldatu ahal izango dira, zerbitzuaren eskaeraren arabera eta bi aldeen erabaki bateratuarekin. Zerbitzua urte osoan egongo da zabalik, abuztuan izan ezik.

Emakidadunak kontratua betetzeko giza baliabide edo bitarteko material nahikoa erabiltzeko edo atxikitzeko betebeharra izango du. Gainera, materialei dagokienez, besteak beste, eta bereziki, fitness- eta muskulazio-makinen gimnasioa hornitu beharko du, erabiltzaileen eskakizunen arabera berritu ahal izateko. 

Esan bezala, lehiaketa martxoaren 16a bitarte dago zabalik. Udalaren helburua maiatzaren bueltan gimnasioa zabaltzea litzateke.