Link interesgarriak
Atzealdea Gaur hasi dira Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak
2021·07·27
Gaur hasi dira Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak
-
Aldez aurreko prestaketa-lanen ondoren, gaur hasi dira Urruzunoko hiri-hondakin geldoen zabortegi zaharreko 2. gunea zigilatzeko eta ingurumena berreskuratzeko lanak.
-
Obrak Viuda de Sainz eta Urdinberri arteko ABEEari esleitu zaizkio, 1.083.518 euroko prezioan. Obra zuzendaritza Hirgintza enpresari esleitu zaio 59.371,68 euroko prezioan, eta geosintetikoen kontrola Cantabriako Unibertsitateari 47.163,14 euroko prezioan.
Gaur hasiko dira Urruzunoko zabortegiko 2. gunea behin betiko zigilatzeko lanak, prestaketa lanak egin ondoren eta obrak kontratatzeko prozesua amaituta. Gune hau zigilatzearekin batera, zabortegia erabat itxi eta ingurumena berreskuratuko da, 1. gunea 2013an itxi zen.
2007 urte hasieran utzi zitzaion hondakinak isurtzeari orain zigilatuko den eremuan. Obraren helburua da zabortegia behin betiko ixtea eta ingurune naturala berreskuratzea. Urruzunoko zabortegia zigilatu, itxi eta ingurumena berreskuratzeak amaiera ematen dio Debabarreneko hiri-hondakinen zabortegien aroari.
Zigilatze prozesua
Obrak hasteko, eremuko sastrakak eta landare guztiak kenduko dira aste honetan. Ondoren, ezpondak profilatzeko lanak egingo dira, egitura berrian malda handiak saihesteko. Profil berriak lortu ondoren, geosintetikoak instalatuko dira. Horien funtzioa da hondakinak pilatzen diren eremura ura ez sartzea, lixibiatuak edo ur kutsatuak Aranbeltz errekara iritsi ez daitezen. Azkenik, 60cm buztin-lur eta 40cm lur ipiniko dira geosintetikoen gainean, belarra ereiteko.
Obrak Viuda de Sainz eta Urdinberri arteko ABEEari esleitu zaizkio, 1.083.518 euroko prezioan. Obra zuzendaritza Hirgintza enpresari esleitu zaio 59.371,68 euroko prezioan, eta geosintetikoen kontrola Cantabriako Unibertsitateari 47.163,14 euroko prezioan.
Eremua prestatzeko aurretiazko lanak
Urtarrilean amaitu ziren behin betiko zigilatzearen aurreko lanak, eta zabortegia behar bezala ixteko kontrol-neurri guztiak bermatu eta gainditu ondoren, obrak kontratatzeko prozesua hasi zen.
Lurzoruaren Txostena, kontrol topografikoa, lurpeko uren eta lixibiatuen analisiak eta gasen analisia egin dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Urruzunoko itxiera eta ingurumen-berreskuratze lanei 2016an emandako Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoari jarraituz.
Behin betiko itxi ondorengo erabilera
Behin obra amaituta, eremua Mankomunitatearen materialen biltegi gisa erabili nahi da: edukiontziak, makina-garbitzaileak, etab. Proiektuak hormigoizko zolata bat eraikitzean datza, kamioiak eta furgonetak eroso moldatzeko eta aipatutako logistika-lanak egin ahal izateko.