Berriak

Atzealdea Garagartza auzoko uholdeei aurre egiteko laguntza eskatu dio Udalak Foru Aldundiari

.

2025·01·21


Garagartza auzoko uholdeei aurre egiteko Mendarok Diputazioaren laguntza behar duela adierazi zion Mendaroko alkateak Diputatu Nagusiari

Pasa den urtarrilaren 9an Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak eta Felix Urkolak, Errepideetako Diputatuak Mendarora bisita egin zuten, amaitu berri dituzten zubia berrindartu eta birgaitzeko lanak ikusi eta Mendaroko Udal Gobernuarekin lan-bilera bat egiteko. Goizean egin zuten bilera eta horren ostean bisitatu zuten zubi berritua, hain zuzen ere.

Bilerari dagokionean Enetz Ezenarro Mendaroko alkatea bildu zen bi Diputatuekin eta Mendaroko Udalaren partetik GFAren eskumenekin lotutako hainbat puntu komentatu eta zenbait eskaera egiteko aprobatxetatu zuen.

Uholdeen gaia izan zen bilerako gai nagusia. Alkateak azaldu zien URA agentziaren 2021eko azken txostenaren arabera ezinbestekoa zela Garagartza auzoko uholdegarritasun arazoei erantzuteko ekaitz tankeak eraikitzea eta ekaitz tankeen proiektua idatzita zegoela. Herritarrei 2023an Diputazioan egindako bileran proiektu hori Udala, Diputazioa eta Ur Partzuergoaren artean kofinantziatuko zela agindu zitzaiela eta, zentzu horretan, akordioren bat bilatzeko borondatea erakutsi zien Udalak. Mendarotarrentzako lehenbailehen eta lehentasunez soluzionatu beharreko gaia zela azpimarratu zien, gainera. “Herritarrek 2023ko maiatzean bilera hartatik jasotako akta ere eskuan jaso zuten”  Ezenarroren arabera.

Bestetik, Errepideetako Diputatua bertan zela aprobetxatuta, errepideen inguruko gai desberdinak landu zituzten. Hasteko Foru Aldundiak duela urte pare bat hartutako Mendarorako errepidezko sarrera berria eraikitzearen inguruan jardun zuten. Momentu honetan proiektua idazten ari da Diputazioa eta Mendaroko Udalak proiektu horretan bere ekarpenak egiteko prestutasuna jakinarazi zien.

Elgoibartik Debarako noranzkoan autobusa geratzen den bi puntutan sortzen diren arazoak ere aipatu zizkien Ezenarrok. Bere hitzetan “Azpilgoetako geralekua oso puntu arriskutsua dela komentatu genuen, bihurgune baten ostean dagoelako, autobusa errepide erdian geratzen delako, eta batez ere, erabiltzaileek zain egoteko leku egokirik ez dutelako, errepide ertzean, ibaitik bereizten duen petrilaren kontra eta errepidea igarotzeko zebrabiderik gabe”. Horrez gainera, “Plaza Auzo parean, Debarako noranzkoan dagoen autobusaren geralekua seinalizatu eta egokitu beharko litzatekeela esan zitzaien; hor ibilgailuak oso bizkor pasatzen direla, eta, batez ere, Plaza Auzorako paso egokirik ez dagoela”.

Gipuzkoako Foru Aldundia lantzen ari den Errepideetako Zarataren Aurkako Plana ere izan zuten mintzagai bileran. Ezenarrok azaldu zien Mendaroko Udalak alegazioak egin zizkiela plan horri, Mendaron duela urte batzuk egindako neurketetan oinarrituta, baina alegazio horiek ezetsiz jaso zutela erantzuna, neurketen arabera Mendarokoa lehentasunezko leku ez zelako kontsideratzen. AP-8 autopistaren inguruetan kokatutako etxebizitzak, Diputazioak azaldutako kasu partikularren azterketan aintzat hartzeko eta beharrezko neurriak hartzeko eskatu zitzaien Mendaroko Udalaren partetik.

Errepideekin amaitzeko, Intxaurbakoitza gaineko zuhaitzekin azken hilabeteetan izandako arazoak aipatu zituzten. Hiru hilabetean bi aldiz erori direla zuhaitz adar eta enborrak leku horretan, eta, bereziki, ibilgailuentzat Azpilgoetarako sarbide bakar bezala jarri denetik, ibilgailu eta oinezkoen joan etorri handiko tokia dela eta berehalako soluzio bat eskatzen duela, gune horretako zuhaitzak berrikusi eta beharrezko neurriak hartuz.

Amaitzeko bidegorrien gaia ere jarri zen mahai gainean. Herrien arteko bidegorriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena direla kontuan hartuta, Ezenarrok hau ere herritarrentzako lehentasunezko gaia zela luzatu zien agintariei. “Inguruetako herri guztiek badauzkate bidegorri zatiak. Mendaro da gure inguruetan horrelako azpiegiturarik ez daukan herri bakarra”. Aisialdiaren eta osasunaren, nahiz aldaketa klimatiko eta trantsizio energetikoaren ikuspegitik lehenbailehen aurrera eraman beharreko proiektua dela, “baita Mendaron ere; zer esanik ez, Mendarok Debabarreneko Ospitalea eta hiru industriagune dauzkala kontuan hartuta”.