Link interesgarriak

Atzealdea Euskararen erabilerari buruzko lanketak Mendaroko gaztetxoekin

UEMAk Mendaroko Ikastolako ikasleekin lanketa egin du euskararen egoeraren inguruan eta datorren ikasturterako martxan jarriko da Arnasetik bideo-sormen lehiaketa.

2024·07·01


Euskararen erabilerari buruzko lanketak Mendaroko gaztetxoekin

UEMAk Mendaroko Ikastolako ikasleekin lanketa egin du euskararen egoeraren inguruan eta datorren ikasturterako martxan jarriko da Arnasetik bideo-sormen lehiaketa.

Ekainean UEMAko langile bat izan zen Mendaroko Ikastolan LH6ko ikasleei soziolinguistikaz eta hizkuntzaren indartzeaz saioak ematen. Ikasleen hizkuntza ohiturak jasotzeko dinamikak eta hizkuntza jokaerei buruzko jolasak egin zituzten eta Mendaroko egoera soziolinguistikoa aztertu zuten. Haurrek euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egiteko baliagarri izan ziren saioak.

Datorren ikasturte hasieran ere UEMA proposamen interesgarri batekin hurbilduko da gaztetxoengana. Mendaro bezalako euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako LH 5etik DBH 4rako gazteei zuzendutako Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren hirugarren edizioa martxan jarriko da iraila amaieran. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimen bat da hau, udalerri euskaldunen gizarteratzeko eta euskararen arnasguneetako gaztetxoen hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragiteko.

Euskarak iraungo badu, beharrezkoak ditu arnasguneak, hizkuntza modu naturalean transmititzen diren guneak. Baina arnasguneetan ere, ezinbestekoa da herritarren kontzientziazioa piztea, euskarari egiten dioten ekarpenaz jabetu daitezen. Horregatik, Mendaroko Udalak halako ekimenak burutzeko babesa eskaini nahi du.