Link interesgarriak
Atzealdea Eskualdeko enpresetan eta industrialdeetan hondakin organikoen bilketa indartzeko bisitak
2022·05·12
Eskualdeko enpresetan eta industrialdeetan hondakin organikoen bilketa indartzeko bisitak
- Astelehenetik aurrera, maiatzak 16, Mankomunitateak eskualdeko enpresak bisitatuko ditu, jangela propioa dutenak, industrialdeetan kokatuta dauden eta hondakin organiko ugari sortzen dituzten enpresak eta industrialdeetako jatetxeak, hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko.
- Helburua da 2020an fruta-dendetan, pintxodun tabernetan eta jatetxeetan materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko egindako lanari jarraipena ematea, eta enpresa-sektorea inplikatzea hondakin organikoen gaikako bilketan, eskualdeko bilketa-tasa hobetzeko.
Debabarrenako Mankomunitateak lanean jarraitzen du eskualdean gaikako bilketa hobetzeko, eta hainbat ekimen egiten ari da herritar guztien eta eskualdeko sektore eta eragileen inplikazioa sustatzeko. Adibidez, ingurumen hezkuntza saioak ematen ari da ikastetxeetan, eta "Hemen ondo birziklatzen dugu” kanpaina garatu du eskualdeko saltokietan. Bestalde, Eibarren martxan jarri du proiektu pilotu bat jantokietan elikagaien alferrikako xahuketa ekiditeko.
2020an, materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko kanpaina bat egin zuen Mankomunitateak 169 fruta-dendatan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan, haien beharrak entzun eta hondakin organikoak birziklatzeko erraztasunak eskaintzeko. Egindako lanari jarraipena emateko, eta materia organikoaren gaikako bilketa sektore gehiagotan sustatzeko, 2022ko maiatzean, Mankomunitateak eskualdeko enpresetan eta industrialdeetan hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko ekintzak burutuko ditu.
Mankomunitateak 221 tona organiko bildu zituen gaika Debabarreneko industrialdeetan 2021ean, zehazki Mallabia, Eibar, Elgoibar eta Mendaroko enpresetan. Biztanleko 2,90 kg-ren baliokidea da kopurua. Gaur egun biohondakinak bereizita biltzen dituzten enpresen artean daude fruta-biltegiak, industrialdeetan kokatutako jatetxeak eta jantoki propioa duten enpresak.
Bisitak, enpresetan hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko
Astelehenetik aurrera, maiatzak 16, Vermican enpresako ingurumen-hezitzaileek eskualdeko hainbat enpresa bisitatuko dituzte Mankomunitatearen izenean, horien artean, hondakin organiko ugari sortzen dituztenak eta eskualdeko industrialdeetan kokatuta daudenak, eta baita jantoki propioa duten enpresak ere.
Helburua da edukiontzi marroietan hondakin organikoak biltzen diren puntu kopurua handitzea. Bisitak egungo zerbitzuak eta etorkizuneko beharrak baloratzeko izango dira. Mankomunitateak eskuorri informatibo bat egin du enpresa guztietan banatzeko, non adierazten den edukiontzi marroian zein hondakin mota utzi daitezkeen eta hondakin organikoen gaikako bilketak zer onura ekartzen dituen.