Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Mendaroko Udalak eta UEMAk elkarlanean
2022·04·08
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Mendaroko Udalak eta UEMAk elkarlanean
- Helburua da herritarren eta administrazioaren harremenak, gero eta gehiago, euskaraz izatea.
Errenta aitorpena egiteko garaia iritsi da, eta, urtero bezala, aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Uemako udalerriek, tartean, baita Mendaroko Udalak ere, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du kanpainarekin, ‘Ogasunarekin, euskaraz’ lelopean.
Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik.
Modu bat baino gehiago egon daitezke horretarako: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egin eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko argitaratu du 2021eko errenta aitorpena egiteko egutegia:
- Autolikidazio proposamena ikustea: martxoaren 29tik aurrera.
- Autolikidazio proposamena onartzea: apirilaren 4tik aurrera.
- Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: apirilaren 12tik aurrera.
- Zerga informazioa Gipuzkoataritik eskuratzea: martxoaren 15etik aurrera.
- Zerga informazioa postaz bidaltzeko eskatzea: martxoaren 15etik aurrera.
2021eko errenta kanpainaren informazio guztia www.gipuzkoa.eus web orrialdean.