Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok
2025·04·01
Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute apirilaren 1etik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera datak, webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk eta udalek lortu nahi dutena.
2024ko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainari ekin diote Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilarekin batera. Horiekin bat eginez, UEMAk, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute aurten ere UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.
Araban eta Nafarroan apirilaren 8an hasiko da errenta aitortzeko epea. Gipuzkoan apirilaren 8an eta Bizkaian apirilaren 10ean, autolikidazio proposamenak eta internet bidezkoak egun batzuk lehenago egin daitezkeen arren tokian tokiko ogasunen egutegiaren arabera. Guztietan, ekainaren amaiera aldera arte egin ahal izango dira aitorpenak.
Alde handiak lurralde batetik bestera
UEMAk, ohi bezala, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin. Horiek azaltzeko, besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin.
Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera.
Gipuzkoan, esaterako, Zerain (%72), Orexa (%67), Ataun eta Baliarrain (%62), Amezketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan.
Bizkaian, berriz, Mendexa (%27), Amoroto (%25), Aulesti (%22), Ispaster (%20) eta Berriatua (%17).
Nafarroako Foru Ogasunak ez ditu ematen herriz herriko datuak, baina UEMAri jakinarazi diotenez, "aurreko urtekoekin alderatuta, aldaketa txikia izan da, eta UEMAko kide diren Nafarroako udalerri guztiak %0 eta %10 bitarteko portzentaian mantentzen dira".