Link interesgarriak

Atzealdea Emakumeen aurkako sexu-indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzeko protokoloa landu dute Mendaroko Udalak eta herri eragileek

• Mendaroko Udalak, Mendaroko Tratu On taldeak, Mendaroko gazte asanbladak, ARNO guraso elkarteak eta Mendaroko emakume migratzaileen kolektiboak elkarlanean aritu dira, eraso hauek prebenitzeko, artatzeko eta erantzuteko protokoloa osatzeko.

2022·07·18


Emakumeen aurkako sexu-indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzeko protokoloa landu dute Mendaroko Udalak eta herri eragileek

  • Mendaroko Udalak, Mendaroko Tratu On taldeak, Mendaroko gazte asanbladak, ARNO guraso elkarteak eta Mendaroko emakume migratzaileen kolektiboak elkarlanean aritu dira, eraso hauek prebenitzeko, artatzeko eta erantzuteko protokoloa osatzeko.
  • 4 ataletan banatu da: Prebentzioa, arreta, erantzun publikoa, erasotzailearekin zer?. Horrez gain, artapen bideak zehaztu dira.
  • ‘Puntu morea’ berdintasun-informazio puntua ezarriko da datorren uztailaren 16an eta 23an, biak larunbatak, Herriko Plazan.

 

COVID-19aren pandemiaren ondoriozko mugekin bi urte igaro ondoren, itzuli da kaleko aisialdia, eta elkarrekin aisialdiaz gozatzeko aukera. Bueltan dira, era berean, Mendaroko Santana jaiak eta aurrez, asteburu honetan, Zerua eta Garia garagardo azoka.

Udalak nabarmendu duenez, “festak askatasunez eta guztiak errespetatuz gozatzea nahi dugu. Horretarako, beharrezkoa da konpromisoa hartzea, indarkeria matxista prebenitzeko politikak indar daitezen, jai-eremu inklusiboak eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoak sortzeko baldintzak bermatzearren”.

Mendaroko Udalak sexu erasoak jaien testuingurutik kanpo uzteko lan egingo du, eraso horiek egiturazko indarkeria testuinguru batean puntualki gauzatutako indarkeria matxistak direla ulertuta; hau da, eraso horiek ez dituela festa giroak eragiten, baizik eta giro hori hartzen dela erasoa egiteko aitzakiatzat.

Hori dela eta, Mendaroko Udalak, Mendaroko Tratu On taldeak, Mendaroko gazte asanbladak, ARNO guraso elkarteak eta Mendaroko emakume migratzaileen kolektiboak elkarlanean aritu dira, eraso hauek prebenitzeko, artatzeko eta erantzuteko protokolo bat osatzeko. Protokoloa 4 ataletan banatu da: Prebentzioa, arreta, erantzun publikoa, erasotzailearekin zer?. Horrez gain, artapen bideak zehaztu dira.

Udalak protokoloa herriko taberna eta aisia espazioetan banatu du. Horrez gain, ‘Puntu morea’ berdintasun-informazio puntua ezarriko da datorren uztailaren 16an eta 23an, biak larunbatak, Herriko Plazan. Honakoak izango dira ordutegiak:

  • Uztailak 16, larunbata, 21:00-24:00.
  • Uztailak 23, larunbata, 12:00-16:00.