Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Elgoibarren eta Mendaron Ekiola energia kooperatiba herritarraren aurkezpena

.

2025·05·20


Elgoibarren eta Mendaron Ekiola energia kooperatiba herritarraren aurkezpena

2025EKO MAIATZAREN 20an

•Eguzki-instalazio berria datorren ostegunean, maiatzaren 22an aurkeztuko zaie herritarrei, denei irekitako informazio-saio batekin. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da Elgoibarko Aita Agirreko ekitaldi-aretoan.

•Maiatzaren 23an, ostiralean, Mendaroren txanda izango da. Deialdi publikoa udaletxeko batzar-aretoan egingo da, 18:00etan.

•Auto-hornikuntzarako planta fotovoltaikoa Azkarateko igoeran kokatuko da eta urtean 1.416 oMW ekoitziko ditu, 650 familia ingururen energia beharrak asetzeko adina. Inguruko ETEak ere sar daitezke proiektuan.

Elgoibar eta Mendaroko Ekiola-k datorren ostegunean ekingo dio proiektua herritarrei zabaltzeko faseari, bi herrietan egingo diren saio informatiboekin: ostegunean 19:00etatik aurrera Elgoibarko Aita Agirreko areto nagusian eta ostiralean 18:00etan Mendaroko udaletxeko batzar aretoan.

Horietan, proiektuaren datu zehatzak azalduko zaizkie herritarrei, eta bertaratzen direnek zalantzak argitzeko aukera izango dute.

Horrela abiatuko da Ekiola proiektuaren sozializazio fasea, auto-hornikuntzarako eguzki energia ekoizteko planta berria kudeatuko duen kooperatibara eskualdeko herritarrak erakarri eta txertatzeko asmoz.

Bi udalek informazio eta aholkularitza bulego bana izango dute, eta txandakako jardunaldietan egongo dira zabalik, maiatzaren 26tik ekainaren 7ra.

Elgoibarren Aita Agirreren sarreran kokatuko da eta astelehenetik larunbatera –asteazkenetan izan ezik– 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara emango du arreta. Asteazkenetan Mendaroko jubilatuen ondoko bulegora joango da, ordutegi berarekin.  

Bulego horietan, langile espezializatuek arreta emango diete proiektuan interesa dutenei, eta txosten pertsonalizatuak emango dizkiete. Txosten horiek kontsumo elektrikoaren fakturen arabera egingo dira, kooperatibako kide izan nahi duten ala ez baloratu ahal izateko. Txosten horretan, parte hartzeko baldintzei buruzko informazio zehatza jasoko da, eta familia bakoitzaren kontsumoaren araberakoa izango da informazio hori.

Proiektuak 650 bat kooperatibista izan nahi ditu, eta horientzat eguzki-parke fotovoltaikoa eraikitzea aukera bat izango da, bai onura ekonomikoengatik, bai Ekiolak dakartzan ingurumen- eta gizarte-onurengatik.

Batez besteko kontsumoa urteko 2.200 kWo denean, kooperatibari egindako ekarpena 2.300 euro ingurukoa izango da kooperatibista bakoitzaren aldetik, eta gaur egun kontsumitzen duenaren urteko generazio berdinaz baliatuko da, gainera ohiko etxebizitzetarako inbertsioen kasuan PFEZean %15eko kenkaria aplikatuz. Horrekin, Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat betetzen da, hau da, kooperatibistak urteko elektrizitate-eskariaren % 100 subiranoak izatea.

Elgoibar eta Mendaroko Ekiolako energia-kontsumitzaile bakoitzari 24 €/MWh kostatuko zaio energia sortzea (karguak, zergak eta bidesariak kanpoan utzita) lehen urtean (KPIaren urteko igoera), eta proiektuaren balio-bizitza 30 urte ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Horrek energia sortuko du epe luzera oso kostu-prezio erakargarrian.

Elgoibar eta Mendaroko Ekiola 2025. urtearen bukaerarako amaitzea aurreikusten da. 2026tik aurrera espero da kooperatibako bazkideek beren energiaz baliatu ahal izatea, auto-hornikuntzako instalazioa abian jartzen denean.

EKIOLA Energia Sustapenak ekimenari buruz

Elgoibar eta Mendaroko udalek hasieratik babestu dute Ekiola berri hau, eta Danobatgroup-en partaidetza ere izan dute, proiektu hau gauzatzen lagundu baitu, hasierako gastuetara bideratutako 120.000 euroko ekarpena eginda.

Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioan integratutako Krean ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da Ekiola proiektua.

Euskadiko eredu kooperatiboan energia-komunitateak sortzea du helburu, herritarrek berek sor dezaten beren beharrak asetzeko behar duten energia elektrikoaren % 100. Gainera, kooperatibak berak lege-tresna gisa funtzionatzen du etorkizun energetikoari bere planteamenduen arabera aurre egiteko, eta bere kideek ez dute etxeko instalazio elektrikoaren inongo alderdirik aldatu behar. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren instalazioa 30 urtean zehar funtzionamendu eta errendimendu ezin hobea izateko diseinatu da.

Ekiola eredua bat dator 2030. urterako kontsumituko den energiaren % 32 jatorri berriztagarrikoa izatea helburu duen Europar Batasuneko politikekin.