Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea EIT-a egiteko betebeharra

.

2025·03·17


KALEETAKO SEGURTASUNA ZAINTZEKO ASMOZ GUTUN BANA BIDALIKO DIE UDALAK, LEGEZ EIT-A EGITEKO BETEBEHARRA IZAN ARREN ORAINDIK EGITEKE DAUKATEN ETXEJABEEI 

 

Ibilgailuen jabeak errepideetatik zirkulatu ahal izateko IATa pasatzera derrigortuta dauden modu berean espazio publikora ematen duten eraikinak dituzten jabeak ere legez derrigortuta daude eraikinei ikuskapen teknikoa (EIT) pasatzera. Gaur egun indarrean dagoen dekretuaren arabera Eraikinen Ikuskapen Teknikoa izan behar duten eraikinak dira, batik bat, erabilera nagusia bizitegitarakoa duten eta berrogeita hamar urte baino gehiago dituzten eraikinak, oin berriko obrak edo eraikina guztiz berritzeko obrak amaitu diren datatik zenbatzen hasita. Ikuskapenak dagokion udalean aurkeztu beharko dira, eraikinak berrogeita hamar urte bete eta hurrengo urtearen barruan (bide edo erabilera publikoko espaziorik ez duten familia bakarreko bizitegi-erabilerako eraikinak izan ezik, horiek udalari aurkeztuko baitizkiote, hark hala eskatuta).

Udalak aginduta IKEI enpresak egindako eta iazko azaroan jendaurrean aurkeztutako Mendaroko Etxebizitza Beharren azterketak jasotzen duenez Mendaron EITa aurkezteko eskakizunaren betetze-maila %42koa da. Kopuru absolutuetan, 66 eraikinek (50 urtetik gorako antzinatasuna dutenak) ez zeukaten nahitaezko txostena erregistratua 2024ko irailean. Mendaron egindako EITen esku-hartze eta zuzenketa mailari buruzko datuei dagokienez, egiaztatu da horietako heren batean (16 eraikin) ez direla konpondu presazko jarduketen patologiak. 

Mendaroko etxebizitza parkea egoera onean mantentzea herritarren segurtasuna zaintzeko ezinbesteko dela ulertuta, Mendaroko Udalak gutun bana bidaliko die hurrengo egun eta asteetan, legez EITa egitera behartuta egonik oraindik betebehar hori egiteke daukaten eraikin jabeei, eraikinaren ikuskapen teknikoa egin eta hor agertzen diren neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuz.

EIT-a egitura, fatxada, estaldia eta saneamendu- nahiz hornikuntza-sare komunen ikuskapena da.

Ikuskapenaren txostenak, besteak beste, 5 mailetan sailkatzen diren esku-hartze motak identifikatu ahal ditu. Epe motxean egin beharreko obrak lehen 3 mailatakoak dira.

 

•    1. maila Berehalakoa: gehienez ere 24 orduko epean esku hartzea erabaki behar da.

•    2. maila Oso premiazkoa: obrak gauzatzeko epea hiru hilekoa da.

•    3. maila Premiazkoa: Hamabi hilekoa da horrelako esku-hartzeetarako erabaki beharreko gehieneko epea.

 

Aipaturiko epeak jabe erkidegoak txostena jasotzen duen unetik zenbatzen hasten da. 

Esan beharra dago, EITeak adierazitako esku hartzeak gauzatzeko eraikinei zuzendutako dirulaguntza lerro ezberdinak daudela eta Udalak web orrian etxebizitzarentzat berriki gaitutako atal espezifikoan (https://www.mendaro.eus/eu/mendaron-etxebizitza-/dirulaguntza) laguntza horien inguruko informazioa aurkitu daitekeela. Gainera, Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkarte gisa (https://www.debegesa.eus/eu/birgaitze-zerbitzua/), eskualde osoko herritar eta jabe-komunitateei doan eskaintzen die informazioa eta tramiteak egiteko laguntza, bai telefonoz (943820110) eta bai Eibarren Azitaingo Poligonoan daukan bulegoan hitzordua hartuta.

 

Etxebizitzaren inguruko atal berezia jarri du martxan Udalak bere web orrian

Esan bezala, Udalak “Etxebizitza Mendaron” izeneko atal espezifikoa jarri du martxan, etxebizitzaren gaiak egunotan duen garrantzia zein den ulertuta, gai horren inguruan Mendaron dagoen informazioa modu eraginkorrean herritarrekin elkarbanatzeko. Hasiera batean hiru azpiatalen sortu da txoko hau: batetik 2024ko udazkenean osatu eta aurkeztu zen Mendaroko etxebizitzaren gaineko azterlana eta azaroan egindako aurkezpena jasotzen dituen atala; bigarrenik, etxebizitzaren alokairuaren  eta alokairurako dirulaguntzen (etxe bila dabiltzanentzat, zein etxebizitza alokairuan eman nahi dutenentzat) gaineko informazioa jasotzen duen atala; eta hirugarrenik, etxebizitzen birgaitzearen eta horretarako dauden dirulaguntzen informazioa jasotzen duena. Aurrerantzea, atal berriak sortzeko asmoa agertu du Udalak, esaterako babes ofizialeko edo etxebizitza librerako promozioak sortzen direnenan.