Albisteak

Edukiontzi berdeetan pilatzen ari den beira kopuruari irtenbide bat emateko lanean ari da Mankomunitatea

• Eskualdeko herrietako beiraren edukiontzietan hondakinak pilatzen ari dira, bilketa zerbitzua eskaintzen duen enpresak duen ibilgailu faltagatik.

2022·02·24


Edukiontzi berdeetan pilatzen ari den beira kopuruari irtenbide bat emateko lanean ari da Mankomunitatea

  • Eskualdeko herrietako beiraren edukiontzietan hondakinak pilatzen ari dira, bilketa zerbitzua eskaintzen duen enpresak duen ibilgailu faltagatik.

 

  • Ecovidrio arduratzen da Euskadi mailan herrietako beira biltzeaz, baita Debabarrena eskualdean ere, eta hirugarren enpresa baten bidez eskaintzen du zerbitzua erakundeak. Azken asteetan, enpresa horren baliabide faltagatik beira bilketa zerbitzua ez da eraginkorra izaten ari eskualdean, eta Mankomunitatea lanean ari da arazoari irtenbide bat emateko.

Ecovidrio erakundea arduratzen da egunerokotasunean Euskadiko udalerrietako beira biltzeaz, baita Debabarrenan ere, Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmenari esker. Ecovidriok hirugarren enpresa baten bidez jasotzen du herrietako beira, eta azken asteetan Debabarrenako beiraren edukiontzietan hondakinak pilatzen ari dira enpresak bilketa behar bezala egiteko nahikoa ibilgailu ez dituelako.

 

Hori ikusita, Mankomunitateak kezka adierazi dio Ecovidriori eta hainbat bilera egin dira dagoeneko irtenbide bat bilatzeko, izan ere, Mankomunitatearentzat “ezinbestekoa da herriak txukun eta garbi mantentzea eta hondakinen bilketa zerbitzu egoki eta eraginkor bat bermatzea gure eskualdeko herrietan”. 

 

Oraingoz, bilketaz arduratzen den enpresak baliabideak indartzeko ahalegina egin du eta erabilgarri dauzkan ibilgailuen bilketa txandak indartu ditu zerbitzua modu egokian emateko. Dena den, Ecovidriok Mankomunitateari adierazi dionez, martxo amaierara arte edo apirilera arte ezin izango da beira bilketa zerbitzua bere horretara itzuli, orduan iritsiko baitzaizkio bilketa egiten duen enpresari ibilgailu berriak, zerbitzua eskaintzeko behar adina ibilgailu izateko.