Albisteak
Atzealdea

Debabarrenak hondakinen kudeaketa arduratsuaren garrantzia azpimarratzen du Ingurumenaren Nazioarteko Egunean

.

2020·06·05


Debabarrenak hondakinen kudeaketa arduratsuaren garrantzia azpimarratzen du Ingurumenaren Nazioarteko Egunean

  • Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko du hondakinen kudeaketa onak Ama Lurraren kontserbazioan duen garrantzia azpimarratuz.

Debabarrenak 427kg hondakin sortzen ditu urtean biztanleko, hau da, guztira urtean 31.000 tona hondakin baino gehiago. Behar bezala kudeatzen ez badira, lurra, ura eta airea kutsa dezakete. Egun, Debabarrenan sortutako hondakinen %54a birziklatzen da. Kontuan hartuta sortzen diren hondakinen % 10-12a soilik dela birziklaezina, eskualdeak hobetzeko tarte handia du oraindik.

Materia organikoa edo biohondakina da gehien berreskura daitekeen hondakinetako bat. Biohondakintzat hartzen dira edukiontzi marroian, Mankomunitateak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarrietan, utzi behar diren janari-hondakin guztiak. 2019an Debabarrenan hondakin mota horren 5.143 tona bildu ziren, baina DEMren arabera, "garrantzitsua da arlo horretan hobetzen jarraitzea". Azpimarratu dutenez, "aurten ahalegina egingo dugu biohondakinen sortzaile handiek (jatetxeak, enpresetako jantokiak, pintxoak dituzten tabernak, fruta-dendak, etab.) beren hondakin organikoak neurri handiagoan bana ditzaten eta egungoak baino birziklatze-tasa handiagoak lor ditzaten".

Halaber, garrantzitsua da gogoraraztea edukiontzi marroira materia organikoa ez den zerbait duen hondakin-poltsa bat botatzen badugu, edukiontzi osoa kutsatzen ari garela.

DEMk "baliabide naturalen erabilera zuhur, eraginkor eta arrazionala eta ekonomia zirkularraren printzipioak" sustatu nahi ditu. Horregatik, animatzen dituzte eskualdeko herritarrak Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzera hondakin gutxiago sortuz, modu jasangarrian kontsumituz eta etxebizitzetan, dendetan eta enpresetan sortutako hondakinak bereiziz. "Keinu txikiak dira, baina gure planetak eskertuko dizkigu", esan dute.