Link interesgarriak

Debabarrena Mankomunitatearen erantzuna Eibarko Udalak Mankomunitatean dituen ordezkariek egindako adierazpenei

• Mankomunitateak desegokitzat jo ditu Eibarko Udalak Mankomunitatean dituen ordezkari sozialisten adierazpenak. • Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak, eta Asier Lekube, kudeatzaileak, harrigarritzat jo dute Mankomunitatean eztabaidatu gabe, prentsaren bidez oinarririk gabeko kexak azaltzea.

2022·04·01


Debabarrena Mankomunitatearen erantzuna Eibarko Udalak Mankomunitatean dituen ordezkariek egindako adierazpenei

 

  • Mankomunitateak desegokitzat jo ditu Eibarko Udalak Mankomunitatean dituen ordezkari sozialisten adierazpenak.
  • Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak, eta Asier Lekube, kudeatzaileak, harrigarritzat jo dute Mankomunitatean eztabaidatu gabe, prentsaren bidez oinarririk gabeko kexak azaltzea.

 

Atzo, martxoaren 31n, Eibarko Udalak Mankomunitatean dituen ordezkari sozialistek egindako adierazpenen harira, Debabarrena Mankomunitateak hainbat gauza argitu nahi ditu.

 

Asier Lekube, Mankomunitatearen kudeatzaileak prentsaurrean adierazi duenez, “Mankomunitateari harrigarria egin zaio zerbitzuen inguruko kexak eta iradokizunak egiteko komunikabideetara jo izana, izan ere, Mankomunitatean baditugu horretarako foroak, joan den asteazkeneko Batzar Orokorra adibidez, edo beste eztabaidagune informalagoak, udalerri bakoitzean emandako zerbitzuaren jarraipena egiteko eta hobetzeko urratsak emateko ahalbidetu direnak azken urteetan. Egokiena, beraz, iradokizunak ezarritako bide horien bitartez iristea da”, azpimarratu du Lekubek, “edo zuzenean Mankomunitatearen arduradunengana jotzea”.

 

Iosu Arraizek, Mankomunitateko lehendakariak ere hitza hartu du prentsaurrean, eta azpimarratu duenez, “are harrigarriagoa egin zaigu Eibarko alderdi sozialistako ordezkariek egindako kexak kale garbiketaren ingurukoak izatea, izan ere, martxoaren 30eko batzarrean haien erabaki ezak utzi baitzuen zehaztu gabe urtarriletik hona hiru saiotan lantzen ibili garen bide-garbiketa zerbitzua hobetzeari buruzko puntu bat.”

 

“Mankomunitatearen jardunari buruzko kexak hauteskunde kanpainaren aurretik etortzea ez da kasualitatea, eta egindako adierazpenetan alderdi zehatzen siglak aipatzea ere ez, baina Mankomunitateak bere aldetik argi dauka gai hauen kudeaketa ezin dela egon hauteskunde- gorabeheren mende, horregatik, desegokia deritzogu komunikabideetara joan izana gisa horretako adierazpenak egitera”, erantsi du Arraizek. “Udalek emandako baliabideen kudeaketa eta zerbitzuaren kudeaketa serio eta zorrotz egiten dute langile publikoek, eta erreklamatzaileen iradokizunei erantzuten diete edo saiatzen dira kasu guztietan.” Azkenik, erantsi du Eibarko Udalak ez diola 5 milioi euroko ekarpena egiten Mankomunitateari, 1,6 milioi eurokoa baizik.

 

Eibarko Udaleko ordezkariek egindako kexa eta iradokizunen harira, Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak erantzun ditu esandakoak. “Kale garbiketa zerbitzuari dagokionean, udalerri bakoitzak erabakitzen eta baloratzen du beharren arabera zein zerbitzu eta baliabide (giza edo material) kontratatzen dizkion Mankomunitateari, eta ondorioz, zerbitzua jasotzeagatik dagokion kostua ordaintzen du. Era berean, gogorarazi behar da udalerri

 

 

bakoitzak duela zabor-tasa bere baitan kudeatzeko ahalmena, gaur egun Eibarko tasak soilik kudeatzen baititu Mankomunitateak, gainerako udalerriek beraien kabuz kudeatzen dituzte. Ildo horretan, aurrekontuetarako proposamenak eztabaidatzen ziren bitartean, Eibarko Udaleko ordezkariei aipatu zitzaien aukera, azpimarratuz Udalak Eibarko tasaren kudeaketa bere gain hartuz gero 49.000€-ko liberazioa eragingo zuela haien mesedetan, ur-partzuergoak Mankomunitateari kobratzen dion zenbatekoa.”

 

Proposamen horren aurrean Eibarko ordezkariek ezezkoa erabaki zuten, eta, hortaz, Mankomunitateak jarraitzen du Eibarko zabor tasa kudeatzen. Arraizek gaineratu duenez, “2015-2019ko legealdian, Eibarko kale garbiketaren kuotaren igoera %29koa izan zen, eta azken hiru urteetan igoera %5ekoa soilik izan da, funtsean bizitzaren eta gastuen garestitzeak eraginda eta giza baliabideen soldata igoeragatik.”

 

Eibarko Transferentzia Estazioaren kokapenari dagokionean egin dituzten iradokizunei zintzotasunez erantzun die Arraizek, eta adierazi du ez dela “egokiena”. “Tamalez, hori da aurreko kudeatzaileengandik jaso duguna, eta lantzen ari garen gaietako bat da. Mankomunitateak 60.000€ ditu gaur egungo aurrekontuetan lantegi honetan egin beharreko inbertsiorik beharrezkoenetarako, eta ikuskapen teknikoaren emaitzen txostenaren arabera, ez dago egoera txarrean. Mankomunitatea estazio horren alternatiba desberdinak lantzen ari da, eta haintzat hartu behar dira gure eskualdeak espazioaren erabilgarritasunari dagokionez dituen zailtasunak. Ez da gauza berria, ezta ahazten dugun zerbait ere, baina ez da errealista azken hamarkadetan bizi izan duguna hiru urtetan (pandemia tartean) konpondu nahi izatea”, adierazi du Arraizek.

 

Telleria andreak Mankomunitatearen plangintzarik ezari buruz egindako baieztapenei ere erantzun die Arraizek: “errealitatetik oso urrun daude, eta badirudi kritika bat direla garbiketa zerbitzuko langileek, arduradunek eta Mankomunitateko gerentziak egindako lanarekiko; izan ere, guztiek lan bikaina egiten dute zerbitzua ematean izan ditzakegun arazoak aurreikusten eta erantzunak planifikatzen. Plangintza eta lan horri esker, zerbitzua mantendu ahal izan dugu pandemia garaian, pandemia osteko bat-bateko egoerei aurre egin diegu, hala nola digitalizazioari edo zerbitzua hobetzeko inbertsioei, bereziki bide-garbiketari dagokionean.”

 

Hori horrela, Lekubek hitza hartu eta 2020 eta 2021 urteetan kale garbiketara bideratutako inbertsioak “esanguratsuak” direla adierazi du: bi hidrogarbigailu, dekapadora bat, espaloiak urarekin garbitzeko makina bat, espaloiak erratzarekin garbitzeko 3 makina, ureztatzeko bi kamioi  eta furgoneta bat hidrogarbigailuarekin, guztia 2,5 milioi euro baino gehiago erabiliz zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. Gainera, 2020 eta 2021ean pandemiari aurre egiteko kaleak garbitzeko zerbitzuak nabarmen indartu zituen Mankomunitateak. Aurten, 2022an, Mankomunitateak 4.252.587,65€ bideratuko ditu kale garbiketa zerbitzura, 2021ean baino 177.744,55 euro gehiago, erabiliko direnak bi makina garbitzaile erosteko, horietako bat elektrikoa, sasiak garbitzeko makina elektrikoak, presio bidezko garbiketa-makina, etab.

 

 

Eibarren gaikako bilketari eta kale garbiketari dagokionez egindako urratsak

 

Kale garbiketaz gain, Debabarrena Mankomunitatearen beste ardatz nagusienetako bat da gaikako bilketa sustatzea eta hondakinen kudeaketa egokia egitea. Azken urtean alor hauetan urrats nabarmenak eman dira eskualde osoan eta Eibarren bertan zehazki.

 

 

 

“Batetik, azken urtean eskualdeko azken zabortegia, Urruzuno, zigilatzeko lanak hasi ditugu. Bestalde, Eibarren 13 lurpeko edukiontzi gainazalekoengatik aldatu genituen 2021ean hondakin bilketaren eraginkortasuna handitzeko, zerbitzuaren kalitatea eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzeko eta mantentze gastuak murrizteko. Aldatu ez zirenak berritzen ari dira orain udalerriko 4 puntutan, eguneratutako sistema mekanikoekin”, adierazi du Lekubek.

 

Horrez gain, garbiguneetako zerbitzua “hobetzen” ari direla azpimarratu du, gaikako bilketa sustatzeko helburuarekin. “Esaterako, iaz martxan jarri genuen plastiko hondakin berriak jasotzeko aukera Elgoibarko eta Eibarko Garbiguneetan. Mini garbiguneetan geroz eta erabiliagoak diren kafe kapsulak birziklatzeko aukera ere aktibatu genuen.”

 

Bestalde, aurten Mankomunitateak 1.266.566 euroko inbertsioa egin du makinaria flota berritzeko (2019an eta 2020an egindako inbertsioaren antzera), eta, bide horretan, jasangarritasunaren aldeko urratsak ere egiten ari da. 2021ean aurkeztu zuen Trantsizio Energetikorako Ekintza Plana eta aurtengo aurrekontuan jasotzen diren inbertsio nabarmenenak ibilgailu elektrikoen erosketarekin estuki lotuta daude. Lekuberen esanetan, “apirilean izango dugu hemen Mankomunitatearen lehen ibilgailu elektrikoa”.

 

“Horrez gain, edukiontzi kanpoan zabor poltsak uzten dituztenekin neurriak hartzen ere hasi gara, batik bat Eibarren. Baita garbiguneen kanpoan hondakinak uzten dituztenekin ere”, jarraitu du Lekubek.

 

Azkenik, Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azpimarratu du azterketak egiten dituztela indarrak non jarri ikusteko eta gaikako bilketa sustatzeko. Horietatik abiatuta “ahalegin nabarmena” egiten ari dira Mankomunitatetik gizarte talde desberdinak sentsibilizatzeko. “Herritarrei, elkarte gastronomikoei, hondakin organiko kopuru handiak sortzen dituztenei, azalera handiko establezimenduei, komertzio txikiari, enpresei eta ikastetxeetan dauden belaunaldi berriei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak egin ditugu azken urteotan. Gaikako bilketa hobetzeko ezinbestekoa da herritarren eta eskualdeko enpresa eta eragile guztien inplikazioa. Mankomunitatetik gure eskumenen barruan dauden ekintzak eta baliabideak ematen jarraituko dugu Debabarrena eskualde jasangarria izan dadin, baina nahitaezkoa da elkarlanean aurrera egitea. Ohitura aldaketak ez dira egun batetik bestera egiten, denbora eskatzen dute, eta Mankomunitateak irmoki sinisten du erronka honi elkarrekin egin behar diogula aurre. eta Eibarko Udalak beti izango gaitu bidelagun ildo horretan egiten dituzten lanetan”, esanez amaitu du Arraizek.

 

AUDIOA