Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendaroko Hezkuntza Foroa martxan jartzeko bidean
2025·09·29

Mendaroko Udala Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko elkarteko bazkide da eta, ondorioz, Euskal Herriko Herri Hezitzaileen Sareko kide. Herrian herri hezitzailearen filosofian trebatzen hasteko abiapuntua, hezkuntzaren arloa modu zabal batean landuko duen elkargunea osatzea izan daitekeela pentsatu dugu.
Mendaroko ikastetxea, udala, hezkuntza ez formaleko eragileak, guraso elkartea eta herrigintzako eragileak protagonista izango dituena. Behin elkargunea osatuta, berau sustatuko duen talde eragile bat egituratu eta Mendaro Herri Hezitzailea egitasmoan sakonduko dugu. Hori dela eta, zuekin harremanetan jartzen gara, datozen hilabeteetan Mendaron gauzatuko dugun prozesuan parte hartzera gonbidatzeko. Mendaro hezitzaile baterako zorua adostu eta, hezkuntza eragile ezberdinen arteko estrategia partekatu bat eraikitzea izango litzateke prozesu honen helburua. Mendaro Herri Hezitzailean eragin dezaketen eragile nagusiekin diagnosi partekatu bat egitea da asmoa: erronkak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintza partekatu bat definitzeko. Honetarako, Oinherri elkarteak aholkularitza eta bidelaguntza eskainiko dio Mendaroko Udalari.
Su motelean egingo den egitasmoa izango da hau, denon erritmoak errespetatuz eta, inoren motxila lanez gehiago betetzeko intentziorik gabe. Horretarako, momentuz udaleko hirugarren solairuan gauzatuko den lehen saioa proposatzen dizuegu udazkenerako:
1. SAIOA, urriak 15, 17:00-19:00: Diagnosi partekatua (non gaude?)
Hezkuntza modu integral batean ulertuta Mendaron jadanik burutzen diren egitasmoak zerrendatuko ditugu. Egitasmoa hauek aurrera eramaten lan egiten duten eragileak identifikatu eta euren arteko elkarlan edota sinergiak aztertuz. Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izango da saio honen helburua, indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko
Mendaroko Udala eta Oinherri elkarteak elkarrekin diseinatu dugun prozesu honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu beraz. Zuen parte hartzea aurrez konfirmatzea eskertuko genuke.
MENDAROKO UDALA