Albisteak
Atzealdea

Bost su eta sei geldiune izango ditu San Juanetako kalejirak Mendaron

Ludotekak eta Gaztelekuak antolatutako Aker eta bere laguntzaileen kalejira leiho eta balkoietatik ikusteko deia egin du Udalak, egoera berrian ere San Juan Akelarrea ospatu ahal izateko.

2020·06·23


Ekainaren 23an 22:15etan hasiko dira Mendaron San Juan Akelarreko ospakizunak Azpilgoetako zuhaitz azpian lehen suarekin. Musika eta dantza eskainiko dira zuzenean, bigarren geldiunera joan aurretik. Herriko Enparantzan piztuko da bigarren sua, zuzeneko musikaz lagunduta. Ondoren, kalejira Garagartzako aparkaleku txikira joango da hirugarren sua piztera, eta dantza saioa egingo da. Osoro plazan piztuko da laugarren sua, zuzeneko musika eta dantza artean. Azken sua, bosgarrena, Mendarozabaleko plazan egingo da, zuzeneko dantzarekin.

Su guneetan goizean ipiniko dira otarrak desiraz betetzeko, eta koronamoloak erreko dituzte aurten.

Udalak adierazi du ez dagoela “beste surik egiteko baimenik” eta azpimarratu du, mesedez, kalera ez jaisteko: “ikusi guztia lehio eta balkoietatik eta apaindu kandelekin Akerri ongi etorria egiteko”.