Link interesgarriak
Atzealdea Bizkaiako Unibertsitateetako mendaroar ikaslegoarentzat autobus zerbitzua dago eskuragarri, aurten merkeago
2024·09·13
Bizkaiako Unibertsitateetako mendaroar ikaslegoarentzat autobus zerbitzua dago eskuragarri, aurten merkeago
Goizetan joateko eta eguerdi zein arratsaldetan itzultzeko autobusak dituzte Mendaroarrek
Ziztu Unibertsitate Elkartea 2023an sortu zen, EAEko unibertsitate-zentroen eta Urola bailarako (Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia) eta Debako (Mendaro, Elgoibar) udalerrien arteko garraio-zerbitzua kudeatu eta sustatzeko.
Aurten, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak diruz sustatu du elkartea, eta hala aurkeztu zuten pasa den maiatzean departamentuko diputatuak eta Mendaroko Udaleko zein Urola eta Deba bailaretako beste udalerrietako alkateek egindako prentsaurrekoan. Horrela, Bizkaiko unibertsitateetara egunero doazen Mendaroko ikaslegoak gutxiago ordaindu beharko du autobus zerbitzuagatik ikasturte honetan.
2024-2025 ikasturtean 176 egunetan eskainiko da autobus zerbitzua, Aldalur autobus konpainiarekin, irailaren 6tik ekainaren 10era arte. Hiru tarifa desberdin daude aukeran: egunerokoa, astelehen eta ostiraletakoa eta noizbehinkakoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntzak egunero bidaiatzen duten horien gastuen zati bat ordainduko dute. Hauen kuotetan Mugi txartelean aplikatzen diren hobari edo deskontu berdinak aplikatuko dira. Beste bonu posible bat astelehenetan Bilbora edo Leioara joatekoa eta ostegunetan edo ostiraletan itzultzekoa izango da, hau da, astean bi bidaia egiteko, 80 euroko prezioan. Noizbehinka joan nahi izanez gero, 12 euroko kostua izango da bidaiako. Ikasturtea 17,6 eguneko 10 kuotatan banatuko da, eta ordainketak errazteko, kuota bakoitza hilaren hasieran ordainduko da.
Mendaron San Antolin geltokian geldituko da autobusa, eta geldialdiak egingo ditu Deustun, Sarrikon eta Leioan. Goizeko zazpirak inguruan hartu ahalko dute autobusa mendaroarrek, eta itzultzeko zerbitzuak egongo dira eguerdian, 15:05 eta 15:20 artean, geltokiaren arabera, eta baita arratsaldean ere, 18:15 eta 18:30ak bitarte.
Ordutegi zehaztuak, kuotei buruzko zehaztapenak eta alta emateko jarraibideak Zizturen webgunean topa daitezke (https://www.ziztuelkartea.eus/).