Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea BIEMH Makina Herramientaren azoka bisitatu dute eskualdeko alkateek Debegesaren eskutik
2026·03·05

Debegesako ordezkaritza batek, Barakaldoko BECen aste honetan ospatzen ari den BIEMH Makina Herramienta azokaren 33. edizioa bisitatu zuen martxoaren 4an.
Debako, Soraluzeko eta Mendaroko alkateak izan ziren bertan, Amagoia Paskual, Debegesako gerente berriarekin batera, eta azoka antolatzen duen AFM klusterrak gidatuta eskualdeko enpresa desberdinen postuak bisitatu zituzten. Enpresa bakoitzak egiten duen lanaren eta gaur egun bizi duen egoeraren lehen eskuko informazioa jasotzeko aukera paregabea izan zuten.
Enetz Ezenarro Mendaroko alkatearen hitzetan "oso bisita interesgarria izan da, besteak beste, gure eskualdean indartsuena den sektore ekonomiko honen egoera bertatik bertara ezagutu eta ekosistema horretako eragile garrantzitsuenekin harremanak sendotzeko balio izan duelako". Ezenarrok azpimarratu nahi izan du, udalek, Debegesaren bitartez, enpresa hauei ahal duten guztian laguntzeko prestutasuna adierazi nahi izan dietela.
Bide batez, Ezenarrok, Debegesak eskualdeko enpresak asesoratuz eta koordinatuz egiten duen lan garrantzitsua balioan jarri nahi izan du: "garrantzitsua da eskualdeko udalerrientzat Debegesa garapen agentziak indartzea, eskualdeko sare industrialari eutsi eta garaietara egokituz aurrera jarraitu dezaten".