Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Azpilgoetan Debarako noranzkoan autobus geraleku segurua jarriko du Foru Aldundiak Mendaroko Udalak hala eskatuta
2026·02·20

AZPILGOETAN DEBARAKO NORANZKOAN AUTOBUS GERALEKU SEGURUA JARRIKO DU FORU ALDUNDIAK MENDAROKO UDALAK HALA ESKATUTA
2025eko urtarrilean Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Errepideetako diputatuak Mendarora egindako bisita instituzionalean, Mendarori eragiten zieten, baina Diputazioaren eskumenekoak ziren gai desberdinak jarri zituen mahai gainean Mendaroko Udalak.
Gai horien artean zegoen, hain zuzen ere, Elgoibartik Debarako noranzkoan Azpilgoeta auzoan autobusak duen geralekuaren egoera. Enetz Ezenarro alkateak orduko hartan, izandako bilerari buruz esandako hitzen arabera “Azpilgoetako geralekua oso puntu arriskutsua dela komentatu genuen, bihurgune baten ostean dagoelako, autobusa errepide erdian geratzen delako, eta batez ere, erabiltzaileek zain egoteko babestutako leku egokirik ez dutelako, errepide ertzean, ibaitik bereizten duen petrilaren kontra eta errepidea igarotzeko zebrabiderik gabe”.
Foru Aldundiak mendaroarren aspaldiko eskaera hori aztertu eta proposamen bat bilatzeko prestutasuna agertu zuen bilera hartan. Eta orduzkero hartuemanean jardun dute bi instituzioek arazo horri irtenbide egokiren bat bilatu nahian. Lankidetza horren ondorioa da, orain, Foru Aldundiak Azpilgoetako autobus geralekurako garatu duen proiektua eta epe motzean gauzatuko duena.
Mendaroko Udalak, inguru horretako baldintza orografikoak ezagututa, egokitzat jotzen du azkenean emango zaion soluzioa. Egingo diren lanek Azpilgoetan Debara bidean autobusa hartzen duten herritarrei, zain egoteko leku seguru eta babestu bat eskainiko diete, orain arte, bai trafikoagatik eta bai eguraldiagatik, beren egunerokoan bizi behar izan dituzten egoera tamalgarriak saihestuz.