Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Azaroaren 17an hasiko dira Mendaroko jubilatuen taberna eta egoitza berritzeko obrak
2025·11·14

Azaroaren 17an hasiko dira Mendaroko jubilatuen taberna eta egoitza berritzeko obrak
Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, azaroaren 17an hasiko dira jubilatuen taberna eta egoitza berritzeko obrak. Irailean eta urrian lizitazio prozesua burutu ondoren, Jaizubia enpresa izango da lanak gauzatzeaz arduratuko dena. Obrek zortzi hilabeteko gehieneko iraupena izango dute.
Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak azaldu duenez, “espazio honek herriko bizitzan duen garrantzia” kontuan hartuta, proiektua birmoldaketa sakon eta integrala izateko diseinatu da. “Ez dugu soilik berrikuntza estetiko bat bilatu, espazio erabilgarriago eta erosoago bat sortzea izan da helburua, bai jubilatuentzat eta baita herritar guztientzat ere”, adierazi du alkateak.
Obren bidez, taberna eta jubilatuen egoitza berriro ere leku berean kokatuko dira, baina banaketa berria egingo da, erabilera eta funtzionaltasuna hobetuz. Horretarako, udalak lehen arraindegia zegoen lokala erosi zuen, eta orain arte hainbat funtzio betetzen zituen “gela txuria” ere erabiliko da.
Ezenarrok nabarmendu duenez, “auzoko erosotasuna eta lasaitasuna bermatzeko” neurri bereziak hartuko dira, zarata eta usainen isolamendua hobetzeko helburuarekin. Halaber, instalazio guztiak erabat berrituko dira, gaur egungo estandar eta segurtasun baldintzak betetzeko.
Proiektuaren beste helburuetako bat da taberna herriko bizitza sozialaren topagune gisa indartzea. Hori dela eta, espazio berrian formato txikiko kultur ekitaldiak antolatzeko aukera egongo da. “Herriko tabernak beti izan dira topaleku eta elkarbizitzarako gune, eta hori sendotu nahi dugu”, adierazi du Ezenarrok.
Bestalde, jubilatuen egoitza berria handiagoa eta erosoagoa izango da, eta bertan gune desberdinak sortuko dira, adinekoen interes eta behar anitzei erantzuteko. Alkatearen hitzetan, “adinekoek Mendaron duten pisua eta ekarpena nabarmena da, eta merezi dute euren beharretara egokitutako espazio bat”.
Ezenarrok amaitzeko azpimarratu du udalak proiektu hau “herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean egindako inbertsio garrantzitsua” dela, eta lanak amaitzean Mendarok “topagune berri, moderno eta bizia” izango duela.