Link interesgarriak
Atzealdea Aurten ere, elkarlanari esker, ekintzaz josita datoz gabonak
2023·12·26
Aurten ere, elkarlanari esker, ekintzaz josita datoz gabonak
Herriko eragileei esker izango dugu beste urte batez gabon agenda herrian. Udalaren laguntzarekin batera, MTE Mendaroko txirrindulari elkarteak antolatu ditu haur krosa eta San Silbrestre lasterketa, Musika eskolak Olentzero eta Maridomingiren kalejira, eta Arno guraso elkarteak Erregeen kabalgata.
Haur krosak emango dio hasiera Mendaroko gabon agendari; MTE Mendaroko txirrindulari elkarteak antolatutako lasterketa abenduaren 23an, larunbatean, 17:00etan izango da. 5 eta 12 urte bitarteko haurrek hartu izango dute parte, eta izen ematea Mendarozabalgo plazan izango da, 16:15ean.
Gabon egunean, abenduak 24, Olentzero eta Maridomingirekin kalejira Moxuanetik abiatuko da, arratsaldeko 17:00etan, Ameikutz Musika Eskolaren eskutik; 18:30 aldera iritsiko da kalejira udaletxera. Mendaroko Udaletxean bertan jada badago eskutitzak uzteko aukera.
Abenduaren 27an eta urtarrilaren 4an puzgarriak egongo dira ikastetxeko patioan; goizetan, hamaiketatik ordu batak arte, eta arratsaldean, lau eta erdietatik zazpi eta erdietara.
Urtea San Silbestre lasterketarekin bukatuko dugu Mendaron ere. 12 urtetik gorakoek bakarri hartu ahal izango dute parte, eta frontoian eman behar izango da izena, lasterketa hasi baino ordu-erdi lehenago. 17:00etan emango zaio hasiera MTEk antolatutako txapelketari, eta parte-hartzaileek 5,2 km egin beharko dituzte korrika helmugara iristeko.
Aurten, beste behin ere, erregeen kabalgata izango dugu urtarrilaren 5ean, Arno guraso elkarteak antolatuta. Erregeak Alkorta bidetik etorriko dira, eta Billale inguruan elkartuko dira mendaroarrekin arratsaldeko 18:00etan. Amaiera Azpilgoetako elizan izango da.
Mendaroko Udalak eskerrak eman nahi dizkie, beste behin ere, egitarau hau aurrera ateratzen lagundu duten eragile eta herritarrei, guztion arteko elkarlana ezinbestekoa baita ekimen hauek guztiak antolatzeko: “Babes handia sentitzen dugu herritarren aldetik. Jendea beti laguntzeko prest egoteak ez du preziorik”.