Link interesgarriak
Atzealdea Aurrera doaz Urruzunoko zabortegia zigilatzeko lanak
2021·10·21
Aurrera doaz Urruzunoko zabortegia zigilatzeko lanak
-
Aste honetan hasi da geosintetikoak jartzeko prozesua, lurzoruaren ezaugarriak hobetzeko helburuarekin.
-
Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: “Obrak bide onetik doaz aurrera, beharrezko kontrol neurri guztiekin. Prozesuak orain arte bezala jarraitzen badu, zigilatze-lanak urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten da. Debabarrenako hiri-hondakinen zabortegien aroari amaiera ematetik gero eta gertuago gaude, eta berri ona da hori.”
Uztailean hasi ziren Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak. Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “obrak bide onetik doaz aurrera, beharrezko kontrol neurri guztiekin. Prozesuak orain arte bezala jarraitzen badu, zigilatze-lanak urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten da. Debabarrenako hiri-hondakinen zabortegien aroari amaiera ematetik gero eta gertuago gaude, eta berri ona da hori. Mankomunitatean jasangarritasunaren alde lan egiten jarraituko dugu, herritarrei erraztasunak emanez hondakinei bigarren bizitza bat emateko, zabortegien beharrik gabe”.
Behin eremua zigilatuta, ingurune naturala berreskuratuko da landaredia landatuz, eta orduan geratuko da zabortegia erabat itxita eta berreskuratuta, izan ere, 1. eremua 2013an itxi zen. Arraizek berretsi duenez, “aurrerapauso handia da gure eskualderako, eredu jasangarriagoen alde lan egiten jarraitzeko eta ingurumenaren zaintza sustatzeko.”
Obrak aurrera doaz, aurreikusitakoaren arabera
Urte hasieran, obra hasi aurreko prestaketa-lanak egin ziren eta, behin lanak hasita, lehenik eremuko sastrakak eta landare guztiak kendu eta ezpondak profilatzeko lanak egin dira, egitura berrian malda handiak saihesteko.
Obrak iragazgaizte-fasean daude orain eta aste honetan hasi da geosintetikoak jartzeko prozesua, lurzoruaren ezaugarriak hobetzeko helburuarekin. Aldez aurretik, azalera ezberdinen konformazioa, gasen drainatzea eta dagozkien fabrika-obrak egin dira. Iragazgaizte-fasearen helburua da saihestea euri-ura hondakinen artean iragaztea eta ondorioz, saihestea Aranbeltz erreka kutsatzen duten lixibiatuak sortzea, gerora Deba ibaian ere eragingo luketenak.
Eremua zigilatzen denean, estaldura-lurzorua jarriko da, eta, ondoren, landaredia landatuko da, eta euri-urak drainatzeko sarea instalatuko da, Eusko Jaurlaritzak zabortegia ixteko eta ingurumena berreskuratzeko emandako Ingurumen-Baimen Bateratuaren aurreikuspenak betez. Zabortegia zigilatu ondoren, proiektu osagarriari ekingo zaio. Proiektua hormigoizko zola bat eraikitzea izango da, Mankomunitateko materialen biltegi gisa erabiltzeko, kamioiak eta furgonetak eroso moldatzeko eta beharrezko logistika-lanak egin ahal izateko gune bat izateko.
Viuda de Sainz eta Urdinberriren artean osatutako ABEEa ari da obrak aurrera eramaten, lanen zuzendaritza Hirigintza enpresaren esku dago eta Kantabriako Unibertsitatea ari da geosintetikoen kontrola eramaten.