Link interesgarriak
Atzealdea Antton Telleriak ‘Nekatutak’ bakarrizketa umoretsua eskainiko du San Agustin Antzokian larunbat honetan, urriak 8
2022·10·06
Antton Telleriak ‘Nekatutak’ bakarrizketa umoretsua eskainiko du San Agustin Antzokian larunbat honetan, urriak 8
- Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera dohainik izango da, baina aurrez Morroskillon jaso daitezke.
Antton Telleria umoregileak ‘Nekatutak’ bakarrizketa eskainiko du Mendaroko San Agustin Antzokian larunbat honetan, urriak 8. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera dohainik izango da antzokiko edukiera bete arte. Dena den, sarrerak aurrez jasotzeko aukera dago Morroskillo dendan. Euskaraz eskainiko da bakarrizketa.
Ikuskizunaren sinopsiak honela dio: “Bada jendea, etengabe bromak egiten aritzearen poderioz, sinesgarritasuna galtzen duena. Kasu horren adibide garbia da Antton Telleria Lopetegi (Wisconsin, 1865). Kontua da Anttonen helburua ez dela sinesgarri izatea. Horretarako daude kazetariak (jajaja).
Anttonek nahi duena da inguruan duen jendeak barre egitea. Modu horretan konfiantza sentitzen baitu. Eta konfiantza oso gauza ona da. Hori bai, barreek ez ezik, diruak ere ematen dio konfiantza. Horregatik hasi da monologoak egiten: konfiantza apur bat eta diru mordo bat irabazteko. Izan ere, pobre bizitzeko… Horretarako daude kazetariak.
Nekatutak izeneko ikuskizunean, Antton Telleria zuzentasunaren mugak esploratzen saiatuko da (ikuskizunaren izenetik hasita). Barre eginarazteko helburu bakar eta sakratuarekin, ‘delikatuak’ izan daitezkeen zenbait kolektibo aipatuko ditu: psikologoak, ETA, Ertzaintza… eta, nola ez, polemikoenak: irakasleak”.