Berriak

Atzealdea Amaitu dira Santa Ana baselizaren birgaitze lanak

.

2025·01·13


2023ko azaroan, herritarrekin bilera bat antolatu zen Santa Anako baselizaren birgaitze lanei buruz hitz egiteko. Aldundiko Ondare saileko arkitektoa 2024ko urtarrilean izan zen Mendaron Santa Anako eraikinaren kaltea baloratzeko. Lehen gainbegiratuan teilatuan egoera txarrean zeuden egur batzuk aldatu eta beste lan osagarriren bat egitearekin nahikoa litzatekeela ematen zuen. Hori ikusita, Udala Gotzaitegiarekin harremanetan jarri zen, konponketa lanak bere gain hartzearen kostuaren truke eraikinaren 30 urterako lagapena negoziatzeko. Apirilean sinatu zuten bi aldeek adostutako hitzarmena.


Horretaz gain, lanen kostua bere gain hartzeko Aldundiak babestutako ondarea birgaitzeko urtero ateratzen dituen dirulaguntzen deialdira aurkeztu zuen Udalak 48.000 eurotan baloratutako proiektua. Azkenean 14.884 euro (BEZ barne) inguruko dirulaguntza lortu zen Foru Aldunditik.
Lanak Egurki enpresari esleitu zitzaizkion 45.647,71 eurogatik (BEZ barne) eta maiatzaren azkenerako ekin zitzaien Santa Ana baselizako teilatua konpontzeko lanei. Andamiajea jarri eta teilatuko teilak erretiratu zituztenean, ordea, egin beharreko lanak hasieran aurreikusitakoak baino dezente handiagoak zirela konturatu ziren; teilapeko taula sitsak janda zegoela eta gapiriotako batzuk ere hondatuta zeudela. Hauek guztiak berritzeak aurreikusitako aurrekontua gainditzea zekarren, eta horren ondorioz obra geldiaraztera behartuta ikusi zen Udala ekainaren hasieran. 


Teilatuaren birgaitze integrala jasotzen zuen proiektu berria irailean lizitatu zen eta lehiaketan, berriz ere, Egurki enpresa nagusitu zen,  137.927,04 euroko lizitazio prezioarekin, azken datuen faltan.


Gainera, izandako arazoak bitarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hala adostuta 2025eko dirulaguntzetara ere aurkeztuko da proiektu berria eta hortik finantzazio iturri garrantzitsu bat lortzea espero du Udalak. Aurrera begira, Santa Anarako bidea txukuntzeko asmoa ere badauka Udalak.