Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Amagoia Basurtoren lana izango da aurtengo santanetako kartela
2026·07·06

Amagoia Basurtoren lana izango da aurtengo santanetako kartela
Eskuz egindako diseinu honetan, aurten jaietarako banderatxoak josi dituen Josi ta Josi taldeari aitortza egin nahi izan dio egileak
Mendaroko Udalak antolatutako Santanetako Kartel Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zen ekainaren 19an udaletxeko udalbatza-aretoan. Guztira, 15 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiak Amagoia Basurtoren diseinua aukeratu du aurtengo santanetako irudi nagusi gisa. Lehiaketako irabazleak 300 euroko saria jaso du.
Sari banaketa ekitaldi berean banatu ziren, halaber, Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sariak ere. Kartel lehiaketaren aurkezpen-lanak Dorleta Lazarobaster zinegotziak egin zituen, eta Txirristaka lehiaketarenak, berriz, Ainhoa Urbieta In Leike kultur elkarteko kideak.
Lehiaketara aurkeztutako 15 lanak Aitor Etxeberria eta Jaime Zamakola margolariek osatutako epaimahaiak aztertu ditu. Horien artean, Basurtoren proposamena nabarmendu dute epaimahaikideek.
Eskuz egindako diseinu honetan, aurten jaietarako banderatxoak josi dituen Josi ta Josi taldeari aitortza egin nahi izan dio egileak. Irudian, banderatxoekin osatutako zurrunbilo baten erdian Santa Ana ermita ageri da, eta haren gainean, Katasorgina, banderatxoak eskegitzen.