Link interesgarriak
Atzealdea Alegazioak URA agentziaren saneamendu-proiektuari
2024·02·23
Alegazioak URA agentziaren saneamendu-proiektuari
Mendaroko Udalak, Uraren Euskal Agentziaren «Elgoibar eta Mendaro arteko Debabarreneko saneamendu-proiektuari» alegazioak aurkeztu dizkio.
Saneamendu-proiektu berriak arazo garrantzitsu bati ematen dio irtenbidea: hondakin-uren ponpatze-estazioen (HUPE) bitartez, batetik, saneamenduaren konexioa hobetzea dakar, eta bestetik, Debabarreneko eremu osoan isuriak ezabatuko dira; Mendaroko Udalak balio handiko proiektua dela uste du. Hala ere, hura berrikustean, hobetu daitezkeen zenbait alderdi aztertu dira, eta udalak aldaketa proposamenak aurkeztu dizkio URA agentziari alegazioen bitartez.
Oro har, udalak aurkeztutako alegazioen asmoa, saneamenduaren konexioa hobetzea eta bizilagunei eta inguruneari ahalik eta kalte gutxien egitea da. Hori dela eta, aurkeztutako alegaziorik garrantzitsuena Garagartzan instalatuko den hondakin-uren ponpatze-estazioaren ingurukoa da. Mendaroko Udalaren arabera, proiektuak ez du behar bezala aztertzen ponpatze-estazioaren eta Mendaroko Haurreskolaren arteko hurbiltasunak eragin ditzakeen kalteak (bai eraikitze-aldian eta baita funtzionamendu garaian ere). Besteak beste, ingurumen-inpaktuari dagokionez, azpiegiturak zarata egin dezake, eta proiektuak ez du justifikatzen azpiegiturak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituenik.
Ondorioz, udalak uste du planteatutako kokalekua ez dela egokiena herritarren interesetarako, eta beraz, alde guztientzat konponbide egokiagoa ekar dezaketen aukerak aurkeztu dizkio URA agentziari.
Proiektuari alegazioak aurkezteko epea martxoaren 6a arte egongo da zabalik. Mendaroko Udalak gonbita egiten die interesa duten herritarrei, saneamendu-proiektua ezagutu eta egoki irizten zaizkien alegazioak aurkezteko. Proiektua Ura Agentziaren web orrian kontsulta daiteke.