Aisialdiko begirale titulua euskaraz lortzeko ikastaroetarako dirulaguntzak emango ditu Mendaroko Udalak
2020·10·08
Aisialdiko begirale titulua euskaraz lortzeko ikastaroetarako dirulaguntzak emango ditu Mendaroko Udalak
- Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua lortzeko ikastaroak bultzatzea da helburua, trebaketa egokia duten hezitzaile taldeek haur eta gazteen aisialdi heziketan duten garrantzia eta ikastaro hauek betetzen duten funtzio soziala aintzat hartuta.
- Dirulaguntza eskaerak Kultura Zerbitzuak emandako inprimakian aurkeztu behar dira eta epea 2021eko irailaren 15ean amaituko da.
Mendaroko Udalak Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua euskaraz lortzeko ikastaroetarako dirulaguntzak emango ditu. Helburua da aisialdiko begirale titulua euskaraz lortzea sustatzea eta ikastaro hauek bultzatzea, betetzen duten funtzio soziala kontuan izanik.
Emango den laguntza, matrikularen kostuaren %50a izango da, eta gehienez 250 eurokoa. Partidan izendatutako kopurua proportzionalki banatuko da eskaera guztien artean. Ez dira diruz lagunduko bidaia gastuak eta abar.
Dirulaguntzen onuraduna izateko bete beharreko baldintzak dira honakoak: ezinbestekoa da Mendaron erroldatuta egotea ikastaroa hasi baino 12 hilabete lehenagotik eta Udalarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeharrak egunean izatea.
Begirale izateko trebaketa ikastaroetan parte hartzeko, interesatuek 18 urtetik gora izan beharko dute, edo matrikuazio urtearen barruan bete beharko dituzte 18 urte, beti ere praktikak edo eskolak eskatutako bestelako zeregin osagarriak egiten hasi baino lehen.
Zuzendari izateko trebaketa ikastaroan parte hartzeko, eskolak berak eska ditzakeen baldintza osagarriez gain, ezinbestekoa izango da 18 urtetik gora izatea (edo matrikulazio urte barruan adin hori izatea), ikastaro hasieran begirale izateko agiri ofizialaren jabe izatea eta Bigarren Heziketaldia edo horren baliokide den beste mailaren bat gaindituta izatea, edo, kanpotik etorriz gero, jatorrizko estatuko hezkuntza sisteman horren pareko dena.
Dirulaguntza eskaerak Kultura Zerbitzuak emandako inprimakian aurkeztu behar dira eta epea 2021eko irailaren 15ean amaituko da. Ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar dute eskaria egin nahi dutenek: matrikularen ordainagiria, titulua edo bere ordezko ziurtagiria, erakunde publikoei egindako dirulaguntza eskaera eta dagoeneko jasotako dirulaguntzen gaineko zinpeko aitorpena. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, Udaleko Kultura zerbitzuak aztertu ditu.