Link interesgarriak
Atzealdea Abian da biohondakinen edukiontzi marroiak ixteko kontratazio prozesua
2023·10·31
Abian da biohondakinen edukiontzi marroiak ixteko kontratazio prozesua
- Ekainaren 12tik urriaren 20ra egin den azterketa baten datuen arabera, eskualdean 29.625 poltsa desegoki atera dira edukiontzi marroietatik.
- Hori horrela, edukiontzi marroiak itxiko ditu Mankomunitateak eta dagoeneko abiarazi du itxitura elektronikoak jartzeko kontratazio-prozesua.
Debabarrenako Mankomunitateak urriaren hasieran iragarri zuen moduan, azken urtean % 7,5 murriztu da bereizita bildutako hondakin biodegradagarrien kopurua, 2022an biztanleko 66 kg izatetik 2023an 61 kg izatera. Horrez gain, ekainaren 12tik urriaren 20ra bitarte egin den azterketaren emaitzak jaso berri ditu erakundeak, eta erakusten dute bost hilabeteetan zehar, 29.625 poltsa desegoki atera dituztela edukiontzi marroietik, biohondakinez gain bestelako hondakinak ere bazituztelako.
Herriz herriko datuei erreparatuz, Elgoibarren (8.965) eta Eibarren (7.773) atera ziren poltsa desegoki gehien. Deban (4.217) eta Mutrikun (4.134) ondoren. Ermuan 3.279 poltsa identifikatu ziren eta Soraluzen 1.257.
Edukiontzi marroiak itxiko dira
Hori horrela, Mankomunitatea neurriak hartzen hasi da, udalerri guztietako ordezkarien adostasunarekin, eta dagoeneko erabaki da biohondakinen edukiontzi marroiak ixtea. Abian da itxitura elektronikoak jartzeko kontratazio prozesua.
Neurri honen bidez, hondakinen sailkapenean hobekuntzak ematea espero du Mankomunitateak, edukiontzi marroietan hondakin desegokiak agertzea saihestuz. Era berean, Mankomunitateak hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko du laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko. Eta neurri gehigarri gehiago hartzea aztertzen ari da.
Edukiontzi marroian janari ondarrak soilik bota daitezkeela gogorarazten du Mankomunitateak, adibidez, letxuga hostoak, patata azalak, arrautza oskolak, arrain eta okel hezurrak… Eta beti poltsa konpostagarrietan.