Link interesgarriak
Atzealdea 40 urte beteko ditu Mendaroko Udalak abenduaren 30ean
2023·12·28
40 urte beteko ditu Mendaroko Udalak abenduaren 30ean
Historia handikoa izan arren, gaztea da udalerria; berria eta berritzen dabilena. 1883ko abenduaren 30ean sortu zen, eta Mendaroko Udalak kultur ekitaldi ezberdinak antolatu ditu 40. urtemuga ospatzeko.
Urteurrena omentzeko ekitaldia Mendaroko Udaletxeko Udalbatza Aretoan izango da, abenduaren 29an, arratsaldeko 18:00etan. Gonbidatu eta herritarrei ongietorria eman ondoren, udalaren sorkuntza eta bilakaerari buruzko bideo emanaldia egongo da. Jarraian, sorpresa txiki bat eskainiko zaie gerturatutakoei, eta mokadutxo batekin bukatuko da ekitaldia. Eguna festa giroan amaitzeko, 19:30etik aurrera, Bizi poza txarangak alaituko ditu Mendaroko kaleak.
Hurrengo egunean, abenduaren 30ean, Mendaroko Udalaren urteurrenean, Landarbaso abesbatzaren eskutik, Eguberri emanaldia izango dugu, eguerdiko 12:30ean, San Agustin kulturgunean.
Ekitaldi berean, sariak banatzeko tartea ere egongo da. Batetik, hilabetearen hasieran Mendaroko Udalak martxan jarri zuen udalerriari buruzko galdera-sorta desberdinak jaso dituen lehiaketaren irabazleei banatuko zaizkie sariak: Errigorako saski bana aste bakoitzeko irabazleari, eta bi irakurgailu elektroniko parte hartu duten LHko ikasleen artean.
Bestetik, XXIX. euskarazko ipuin lehiaketaren sari banaketa ere egingo da. Guztira, LHko eta DBHko 803 ikaslek hartu dute parte, hiru maila desberdinetan: LH1, LH2, LH3 eta LH4 ikasturteetako haurrek marrazkia egin behar izan diote aurrez emandako ipuin bati. A maila horretan, Paul Mekolalde izan da irabazlea. B mailan, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 ikasturteetako ikasleek euskarazko ipuin bana idatzi dute, eta Unax Ansola atera da garaile. Bukatzeko, nagusienek, DBH3 eta DBH4 ikasturteetako gazteek euskarazko komiki bana egin dute, eta Maddi Muñozi emango diote lan onenaren saria.
Urteurrenaren bueltan antolatutako egitarauari Ruper Ordorikaren kontzertuak emango dio amaiera. Lehenengo aldiz izango da Mendaron oñatiarra, oraingoan, Mugalariak taldearekin batera. Urtarrilaren 7an, arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua, San Agustin kulturgunean. Sarrerak salgai daude jada Morroskillo dendan eta Leire jantzi-dendan, bakoitza 12 euroan.
Egitaraua aurkeztearekin batera, herritarrekin gogoratu nahi izan da Enetz Ezenarro alkatea: “Zorionak mendaroarrak! Elkarlanari esker bete ditugu 40 urte. Guztion artean egin dugu aurrera ibilbide labur bezain eder honetan. Beste horrenbeste betetzeko, orainari seriotasunez eta etorkizunari irribarrez begiratuz jarraituko dugu lanean”.