Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea 2024/2025 ikasturtean ere EURONET 50/50 proiektuaren baitan aurreztutako energiaren kostuaren erdia ordainduko dio Udalak ikastolari jasangarritasun proiektuetan inbertitzeko
2025·06·24



Mendaroko ikastolako irakasle eta ikasleek 2023/2024 ikasturtean EURONET 50/50 proiektua martxan jarri zuten, gure eskualdean Debegesak koordinatutako Eskola Agenda 2030 programaren baitan.
50/50 proiektuaren helburua da energiaren erabilera eraginkorraren aldeko sentsibilizazioa lantzea eta denon artean hartutako erabakiak martxan jartzea.
Proiektua burutzeko lehenengo energia ikerketa bat egin zuten ikasleek irakasleen eta Debegesako ingurumen teknikariaren laguntzarekin. Ikastolako ur-kontsumoaren, erregaien eta elektrizitatearen kontsumoak aztertu ziren gerora aurrezpen-alorrak zehaztu ahal izateko.
Behin diagnosia eginda, ingurumenaren onerako baliabideen erabilera zentzuzkoago eta eraginkorragoa egiteko hartu zitezkeen neurriak zeintzuk izan zitezkeen aztertu eta adostu zituzten.
Hori eginda adostutako neurriak inplementatzeko fasera pasatu ziren. Batzuk ikasleek beraiek, irakasleen laguntzarekin egin beharrekoak ziren eta talde bat osatu zuten planifikatutako neurriak ikastetxe osoan hartzen zirela bermatzeaz arduratuko zena eta horri jarraipena egingo ziona. Modu honetan ikastetxeko energia gastuak aurreko ikasturtearekiko 1.370,70 euro murriztea lortu zuten ikasturte horretan.
EURONET 50/50 proiektuaren baitan ikastolak Udalarekin hitzarmen bat sinatu zuen, ikasleen lanari esker lortzen zen urteko energia kontsumoaren fakturan aurreztutako erdia Udalak dirutan emango ziola ikastolari Eskola Agenda 2030ari lotutako neurriak hartzen jarrai zezan. Horrela bada 2023/2024an aurreztutako energiagatik 685,35 euro ordainduko dizkio Udalak ikastolari ikasturte honetan.
2024/2025 ikasturtean ere proiektuaren jarraipena egiteko konpromezua hartu zuten bi parteek eta ikasturte amaieran ikusiko da zenbat energia aurreztea lortu duten. Berriz ere aurreztutako energiaren kostuaren erdia ordainduko dio Udalak ikastolari jasangarritasun proiektuetan inbertitzeko.
Gutun honekin batera bidaltzen dizuegu etxeetan energiaren kontsumoa murrizteko pentsatutako dekalogo bat. Dekalogoa Mendaroko ikastolako ikasleek diseinatu dute aipatutako EURONET 50/50 proiektuaren baitan eta Udaletik kontuz irakurri eta leku ikusgarri batean jartzeko eskatu nahi genizueke. Eta batez ere zerrenda horretan agertzen diren 10 neurri erraz horiek zuen egunerokoan txertatzeko. Mendaroko ikastolako ikasleek ikusi dute zein eraginkorrak izan daitezkeen epe luzean mantendu ezkero.
Gure partetik eskerrik beroenak eman nahi genizkieke Mendaroko ikastolako ikasle eta irakasleei era honetako ekimenak abiatzeagatik. Guztiok jarri beharko dugu gure alea dauzkagun baliabide mugatuen zentzuzko erabilera egin eta kalitatezko ingurunea uzteko datozen belaunaldiei.