Link interesgarriak
2024·05·13
2024-2027 Gobernu plana. Mendaroko bizi-kalitatea hobetzeko 75 neurri
Mendaroko gobernu taldeak, Enetz Ezenarro alkatea buru zuela, udal taldearentzat “hurrengo urteetarako iparrorratza” izango den gobernu plana aurkeztu zuen maiatzaren 9an udaletxeko Batzar aretoan.
Maiatzaren 9an, udaletxeko Batzar aretoan, Enetz Ezenarro alkateak, eta Olatz Bizkarguenaga eta Borja Rodriguez zinegotziek, herritarrei aurkeztu eta azaldu zien datozen hiru urteetan jarraituko den Gobernu Planaren nondik norakoa. Bertaratutako herritarrek 75 neurriz osatutako planaren inguruko azalpenak entzun eta gero, galdera ugari egin zituzten. Saioarekin amaitzeko mokadu bat hartzeko aukera izan zuten gerturatutako guztiek, baita gobernu taldeko kideekin lasai hitz egiteko ere.
Gobernu Plana mendaroar guztien bizi-kalitatea hobetzeko plangintza bat da. Hau egin ahal izateko, gobernu ardura hartu zenetik, gobernu taldea herriaren diagnosia egiten aritu da: zer dagoen ondo, zer eskas, zein antolamendu arazo dauden udalean, zein indargune. Aurreko agintalditik zetozen proiektuen egoera aztertu da, eta indarrean jar litezkeen egitasmoen aukeretan sakondu. Hau guztia kontutan izanik gobernuaren iparrorratza izango den plangintza bat egin da, 75 neurri zehatz, egingarri eta neurgarri izango dituena.
Gobernu plan hau dinamikoa izango da, 75 neurriez gain agintaldian zehar egitasmo berriak sortuko direlako, herriko eragileen ekarpenak jasoko direlako, arazo korapilatsuei erantzun berriak eman beharko zaizkiolako. Gardenak izatea agintzen dute, maiztasun zehatz batez betetako neurrien berri eta hurrengo hilabeetan egingo denaren berri emango dutelako, Enetz Ezenarro alkatearen hitzetan, “mendaroarrek eskubidea bait dute jakiteko zertan gabiltzan udalean”.
Herrigunean, auzoetan nahiz landa eremuan bizi direnei zuzenduta dago plangintza hau, Mendaro herri euskaldunagoa, feministagoa, justuagoa eta baita garbiagoa, erakargarriagoa eta dinamikoagoa izateko ere. Gobernu plan honek kirolzaletasuna zainduko du, tokiko merkataritza, kultura, trantsizio energetikoa, gure inguruak…
Mendaroarrek euren etxeetan jasoko dute 75 neurriak biltzen dituen Gobernu Planaren aldizkaria datorren egunetan, eta Mendaroko Udalaren webgunean ere izango da eskuragarri.
Udal gobernu taldeak herritarrei deia egiten die euren ekarpenak botatzeko: “badakizu, ekarpenak egiteko, zure arazoak azaltzeko, kritikak bideratzeko… udaletxeko ateak zabali-zabalik dituzu, zure etxea ere badelako”.