Link interesgarriak

Atzealdea 2022eko Euskararen Ekintza Plana osatu du Mendaroko Udalak

• Plana UEMArekin, Ikastolarekin eta Arno Guraso Elkartearekin elkarlanean landu da. • Plana diseinatzeko aintzat hartu dira hiru ildo estrategiko (udalerriaren erabateko euskalduntzea, herritarren aktibazioa eta udalerri euskaldunen zaintza) eta ESEPek (Euskara sustatzeko ekintza plana) proposatzen dituen lan esparruak.

2022·04·19


2022eko Euskararen Ekintza Plana osatu du Mendaroko Udalak

  • Plana UEMArekin, Ikastolarekin eta Arno Guraso Elkartearekin elkarlanean landu da.
  • Plana diseinatzeko aintzat hartu dira hiru ildo estrategiko (udalerriaren erabateko euskalduntzea, herritarren aktibazioa eta udalerri euskaldunen zaintza) eta ESEPek (Euskara sustatzeko ekintza plana) proposatzen dituen lan esparruak.

 

Hizkuntzaren normalkuntza ardatz hartuta, Mendaroko Udalak, UEMAren laguntzarekin, eta Ikastolarekin eta Arno Guraso Elkartearekin batera, 2022ko Euskararen Ekintza Plana osatu berri du, hain zuzen, euskararen erabilera egunerokotasuneko esparru guztietara zabaldu, indartu eta sustatzeko xedez.

Helburu horiek lortzeko planean jaso diren ekintza batzuk UEMAko beste herri batzuekin elkarlanean egingo dira, betiere, herriko errealitatera egokituta. Eta beste ekintza batzuk tokikoak izango dira eta udalerriaren behar zehatzei erantzungo diote.

Plana egiteko oinarri nagusietako bat, halaber, iazko Euskara Plana izan da. Izan ere, 2022rako lehentasunak identifikatu eta zehazteko orduan, iazko lanketaren inguruko balorazioa lehenetsi du Udalak. 2021eko euskara sustatzeko planaren balorazioa egin ondoren, aurten lehentasunez zein esparru eta helburu zehatzei heldu erabaki dio Udalak.

Urteko errepasoa egiterakoan, halaber, “2021ean aurreko urteetan baino askoz aurrera pauso gehiago eman ditugu”. Aurrerapauso horiek, besteak beste, urteko plana herriko eragile guztien artean adostea eta aurrera eramatea, eta udal barrura begirako lanketak izan ziren. Bestalde, “Euskara Mahaia eratzea izan da beste puntuetako bat, eta orain horri jarraipena ematea izango da erronka”.

“Herritar euskaltzale multzo bat lanerako gogoz dago, eta Udala ere urratsak egiteko bidea irekitzen ari da. Bide onetik goazela eta horri eutsi beharko geniokeelakoan gaude. 2022an ere badugu zer egin, eta gogotsu ekingo diogu bideari”, adierazi dute Udaletik.

Gauzak horrela, 2022ko osatutako Euskararen Planak 10 lan ardatz, 17 helburu zehatz eta horiek aurrera eramateko 67 ekintza jasotzen ditu guztira. Lan ardatzak, ondorengoak dira:

  1. Udalaren euskalduntzea
  2. Familia transmisioa
  3. Euskalduntze-alfabetatze eta etorri berriak
  4. Arlo soziekonomikoa (merkataritza, ostalaritza, banketxeak, lan mundua…)
  5. Aisia, kirola eta kultura
  6. Irakaskuntza
  7. Beste administrazioak (osasungintza, bake epaitegiak…)
  8. Sentsibilizazioa eta ahalduntzea
  9. Udalerriaren zaintza (ELE, azterketak…)
  10. Diru-laguntzak

Esan bezala, lan ardatz bakoitzak helburu desberdinak jasotzen ditu (17 guztira), betiere, hizkuntzaren normalkuntza izanik helburu nagusia, hau da, euskara, egunerokotasuneko esparru guztietara zabaltzea eta honen erabilera sustatu eta indartzea, alegia.

Helburuak aurrera eramateko, halaber, hainbat ekintza aurreikusi eta jaso dira Planaren baitan, 67, hain zuzen, eta horiek 2022an zehar burutuko ditu Udalak, UEMAren eta, zenbait kasutan, herriko eragileen laguntzarekin. Ekintza horien artean daude, besteak beste: euskara ikasteko ikastaroak, haur eta gurasoentzat tailerrak, euskalduntze-alfabetatzea indartzeko ikerketa, herriko banketxeetako euskararen erabileraren inguruko behaketa, euskarazko aisialdia, euskara sustatzeko ekintzen gaineko dirulaguntzak, kale erabilera neurketa, HEDATU hezkuntza proiektua…

“Urte honetan arretaz landu beharreko beste arloetako bi aisialdiarena eta gazteena izango dira. Aisialdiko begiraleentzako formakuntza saioak laster egitea komeni da; eta gazteekin, 2021ean egin bezala, ahalduntze saioa egitea; ahal dela, adin tarte zabalagora iritsita eta baita Saltorekin lotuta ere”, amaitu dute Udaletik.