Link interesgarriak
Atzealdea 2021eko Euskara Plana osatu du Mendaroko Udalak
2021·03·31
2021eko Euskara Plana osatu du Mendaroko Udalak
- Plana UEMArekin elkarlanean landu da eta bi esparru nagusitan egituratu da: Udaleko barne funtzionamendua batetik, udal mailan euskararen erabilera bultzatzeko helburuz, eta herri maila bestetik, herrian eta herritarrengan eragiteko helburuz.
- Helburua da egunerokotasuneko esparru guztietan euskararen erabilera bultzatu eta indartzea eta horretara bideratuta hainbat ekintza jasotzen ditu Planak, 2021ean zehar aurrera eramango direnak.
Hizkuntzaren normalkuntza ardatz hartuta, Mendaroko Udalak, UEMAren laguntzarekin, 2021eko Euskara Plana osatu berri du, hain zuzen, euskararen erabilera egunerokotasuneko esparru guztietara zabaldu, indartu eta sustatzeko xedez.
Horri jarraiki, 2021eko Plana bi esparru nagusitan egituratu da:
- Udala (barne funtzionamendua): euskara udal mailan indartzeko ekintzak jasotzen dira.
- Herria: herrian zein herritarrengan eragiteko ekintzak jasotzen dira.
Plana egiteko oinarri nagusietako bat, halaber, iazko Euskara Plana izan da. Izan ere, 2021erako lehentasunak identifikatu eta zehazteko orduan, iazko lanketaren inguruko balorazioa lehenetsi du Udalak. Horri jarraiki, 2020an, aurreikusitako zenbait arlo lantzeko aukerarik izan ez bazen ere, beste hainbat aurrerapen lortu ziren, hala nola, webgunearen azterketa, Udalaren irudia, harrera protokoloa, transmisioa, Euskaraldia….
Urteko errepasoa egiterakoan, halaber, 2020ko urte hasieran elkartutako hezkuntza (edo hizkuntza normalkuntza) mahaia osatzearen garrantzia nabarmendu du Udalak, “Udala bera, UEMA, ikastetxea, guraso elkartea eta euskalgintza norabide berean joatea ezinbestekoa delako hizkuntzaren normaltasunaren bidean”. Horrekin batera, Euskaraldiaren antolaketarako sortutako euskara taldea bizirik mantentzeren aldeko apustua eta gazteen aktibazioan (hezkuntzatik, aisialditik eta gaztelekutik helduta) eta euskalduntze-alfabetatzean eragiteko beharra nagusitu ditu Udalak.
“Mendarok bere nortasun eta izaera euskalduna mantentzea da gure nahia eta horretarako ezinbestekoa da herri osoa euskalduntzea, urratsez urrats. Ezin diegu aukerei ihes egiten utzi; euskararekiko ilusio eta grina piztea dagokigu, etorkizunera begira, Mendaron euskaraz bizitzen jarrai dezagun”, adierazi dute Udaletik.
Gauzak horrela, UEMAk eta Udalak 2021erako osatutako Euskararen Planak 10 lan ardatz, 17 helburu zehatz eta horiek aurrera eramateko 49 ekintza jasotzen ditu guztira. Lan ardatzak, ondorengoak dira:
- Udalaren euskalduntzea
- Familia transmisioa
- Euskalduntze-alfabetatze eta etorri berriak
- Arlo soziekonomikoa (merkataritza, ostalaritza, banketxeak, lan mundua…)
- Aisia, kirola eta kultura
- Irakaskuntza
- Beste administrazioak (osasungintza, bake epaitegiak…)
- Sentsibilizazioa eta ahalduntzea
- Udalerriaren zaintza (ELE, azterketak…)
- Diru-laguntzak
Esan bezala, lan ardatz bakoitzak helburu desberdinak jasotzen ditu (17 guztira), betiere, hizkuntzaren normalkuntza izanik helburu nagusia, hau da, euskara, egunerokotasuneko esparru guztietara zabaltzea eta honen erabilera sustatu eta indartzea, alegia.
Helburuak aurrera eramateko, halaber, hainbat ekintza aurreikusi eta jaso dira Planaren baitan, 49, hain zuzen, eta horiek 2021ean zehar burutuko ditu Udalak, UEMAren eta, zenbait kasutan, herriko eragileen laguntzarekin. Ekintza horien artean daude, besteak beste: euskara ikasteko ikastaroak, haur eta gurasoentzat tailerrak, euskalduntze-alfabetatzea indartzeko ikerketa, herriko banketxeetako euskararen erabileraren inguruko behaketa, euskarazko aisialdia, euskara sustatzeko ekintzen gaineko dirulaguntzak, kale erabilera neurketa, HEDATU hezkuntza proiektua…
“Mendaroko Udalak euskararen aldeko apustu irmoa egiten du, gure hizkuntza babestu, maitatu eta belaunaldiz belaunaldi zabaltzen eta indartzen jarraitzearen aldeko apustua, alegia. 2021eko Euskara Plana konpromiso horren adierazle bat gehiago da, etorkizun euskaldun baten bidean, etengabe lanean eta urratsak emanez jarrai dezagun”, amaitu dute Udaletik.