Link interesgarriak
Atzealdea 2.739€ko laguntza jaso du Mendarok genero indarkeria ezabatzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko
2021·03·31
2.739€ko laguntza jaso du Mendarok genero indarkeria ezabatzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko
- Genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren baitan, Foru Aldunditik jaso du Udalak laguntza hori eta helburua da, horren bitartez, genero-indarkeria desagerrarazteko programak bultzatu eta gauzatzea.
Genero indarkeriaren Estatu Ituna 2017ko abenduan onartu zen eta horren baitan, 200 neurri baino gehiago jaso ziren, hainbat arlotan eragiteko helburuz: hezkuntza, prebentzioa eta sentsibilizazioa, egin beharreko erreformak, biktimen babesa, adingabeen babesa…
Estatu Itunaren funtsa da emakumeen aurkako indarkeriari aurre hartu eta aurre egitea, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko bidean indarkeria desagerrarazi eta urratsak ematen jarraitzeko.
Bide horretan, Estatu Itunaren bitartez, urtero, kreditu bat jasotzen da Aurrekontu Orokorretan toki erakundeei bideratzeko, ondoren, horiek emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak sustatu ditzaten.
Horri jarraiki, Mendaroko Udalak 2.739,77 euroko diru-laguntza jaso berri du Foru Aldunditik, hain zuzen, genero indarkeriaren aurka egiten jarraitzeko, emakumeen aurkako indarkeria mota oro ezabatu eta berdintasunaren bidean urratsak egiten jarraitzeko, alegia. Horrela, laguntza hori genero-indarkeria desagerrarazteko programak gauzatzera bideratuko du Udalak.
“Emakumeen aurkako indarkeria gure gizartean dagoen berdintasun faltaren adierazle ikusgarri eta bortitzena da, egiturazko indarkeria bat, alegia. Gaur egun, baina, helburua da orain arteko desberdintasunekin moztu eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzea eta Udaletik horren alde lan egiten jarraituko dugu orain eta beti”, adierazi dute udal ordezkariek.