Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendaroko eragile desberdinekin kultur agenda bateratua atera du Mendaroko Udalak
2024·05·02
Mendaroko eragile desberdinekin kultur agenda bateratua atera du Mendaroko Udalak
Maiatzeko kultur agenda bateratua argitaratu da dagoeneko, eta Mendaroko eragileek zein udalak antolatu dituzten ekintza desberdinak ageri dira.
Mendaroko herrian kultur egitasmo ugari egiten dira azkenaldian, baina eragileek egitarauaren mezua herrian zabaltzeko zailtasuna izaten dute, eta batzuetan, desinformazioak programazioen gainjartze bat eragiten du. Hau hala, Mendaroko Udala herriko kultur eragile desberdinekin elkartu zen duela pare bat hilabete, eta hileroko agenda kultural bat egitea erabaki genuen.
Agenda kulturala hilabetero egingo da publiko, eta ikusgarri egongo da mendaroko webgunean eta herriko kartel-paneletan. Bertan agertuko dira hilabetean zehar herriko eragileek zein Mendaroko Udalak antolatu dituzten kultur ekintzak. Agenda hau egin ahal izateko, hilabetea hasi baino 15 egun lehenago, Mendaroko eragileek datorren hilabeteko egitarau plana bidaliko diete udalari.
Lehenengo aldia da hilabeteko agenda bateratua eskaintzen dela, horregatik, litekeena da agenda guztiz osaturik ez egotea, eta maiatzean zehar izango diren kultur egitasmo batzuk bertan ez azaltzea. Hala ere, espero dugu hemendik hilabete batzuetara agenda lotzeko koordinazioa finkatuta izatea, herritarren eta eragileen artean agenda hau erreferentziazko bihurtzea, eta hala, guztion artean Mendaro kulturalki herri aktibo bat izan dadila sustatzea.
Enetz Ezenarro alkatearen hitzetan, “agenda bateratu hau, egiten diren ekitaldiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta ahalik eta jende gehienengana iristeko modu bat da, onuragarria herritarrentzat zein antolatzaileentzat. Koordinatuta egotea indarrak batzeko aukera bat bezala ikusten dugu, elkarren kontra programatzearen aurka. Gainera, udalarentzat beti da positiboa herritarrekin eta eragileekin hartuemana izatea”.