Link interesgarriak
Atzealdea 115.600 kg hondakin jaso dira edukiontzietatik kanpo lehen seihilekoan
2022·09·13
115.600 kg hondakin jaso dira edukiontzietatik kanpo lehen seihilekoan
- Mankomunitateak gogorarazten du edukiontzien kanpoan uzten diren hondakinak ez direla birziklatzen, nahiz eta dagokion koloreko edukiontzi kanpoan egon.
- Kartoi komertziala soilik utzi daiteke edukiontzi kanpoan, dagokion ordutegian. Ordutegi hau herriz herri zehazten da.
115 tona hondakin jaso dira lehen seihilekoan Debabarrenako edukiontzien kanpoaldean, honek esan nahi bataz beste 645 kg jaso zirela egunero. Hori horrela, Mankomunitateak herritarrei gogorarazi nahi die hondakinak edukiontzi barruan utzi behar direla, kanpoan uzten diren hondakin solteak eta hondakin poltsak ez baitira birziklatzen, hau da, errefusara doaz zuzenean.
Mankomunitateak inspekzioak egiten jarraitzen du eskualdeko edukiontzi puntuetan, eta dagoeneko neurriak hartzen ari da hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldean uzten dituztenekin. Esaterako, uztailera bitarte 59 inspekzio egin ditu Mankomunitateak eta, horiei jarraiki, atestatu bat egin du udaltzaingoak. Izan ere, hondakin hauek ingurua zikintzeaz gain, kamioiek jasotzen dituztenean ez dira birziklatzen, nahiz eta poltsa barruko hondakinak modu egokian sailkatuta egon.
Hondakin mota bakoitzak bere bidea egiten du
Gaikako bilketa egiten duten kamioiak puntuetatik igarotzen direnean, edukiontzietako hondakinak jasotzen dituzte eta kanpoan geratzen diren poltsak atzetik igarotzen den beste kamioi batek jasotzen ditu, eta honek ezin ditu poltsa guztiak bereiztu.
Behin kamioiek hondakinak gaika jasotzen dituztenean, hondakin bakoitzak bere bidea egiten du: hondakin organikoak Epelera (Bergara) bideratzen dira konpost bihurtzeko, papera eta kartoia Zornotzara (Saica enpresera) bideratzen dira birziklapenerako, ontzi arinak Legazpira bideratzen dira, Ecoembes-era, plastiko gogorra Aizarnazabalera (recuperados Isasi) eramaten da eta, azkenik, egurra Legazpira (Egondo).
Mankomunitateak gogorarazten du kartoi komertziala soilik utzi daitekeela edukiontzi kanpoan, dagokion ordutegian:
Ermua |
15:00etatik aurrera |
Eibar |
13:30etatik aurrera |
Soraluze |
18:30etatik aurrera |
Elgoibar |
18:00etatik aurrera |
Mendaro |
17:30etatik aurrera |
Deba |
16:30etatik aurrera |
Mutriku |
17:00etatik aurrera |